Beste urte batez, Sahararen aldeko euskal karabanarekin bat egin du
Gorlizko Udalak. Horrenbestez, elikagaiak (azukrea, atuna eta sardinak oliotan, arroza, pasta eta lekale lehorrak) eta higiene-gaiak (konpresak eta helduentzako pardelak) batzen hasi dira jada. Horiek guztiak ekainaren 30era arte eraman ahal izango dira kultur etxera zein turismo eta udaletxeko bulegoetara. Diruz lagundu nahi dutenek, berriz, Caja Laboralaren ondoko kontu zenbakian egin dezakete: 3035-0028-17-0281152900. 2001eko martxoan Saharako Guera herrixkarekin senidetu zenetik, hainbat ekimenetan hartu du parte Gorlizko Udalak, saharar herriari laguntza emateko. "Hango herritarrak bidegabeko erbestean bizi dira azken 35 urteetan, Aljeriako Saharako basamortu latzean", azaldu dute tokiko agintariek. Argazkian, Saharar Errepublika Demokratikoaren (SEAD) aldarrikapenaren 30. urteurrenarekin bat eginez, bandera sahararra jaso zuten ikurrinarekin batera Gorlizko udaletxean, 2006ko otsailaren 27an / © Gorliz.net.