Bildu koalizioaren
zerrenden baliogabetzea salatzeko asmoz, ostiralean kalera ateratzeko deia luzatu die langileei euskal gehiengo sindikalak. Hego Euskal Herriko hiriburuetan jarritako hitzorduez gain, eskualdeka, lantegietan ere egingo dituzte geldialdiak ELA, LAB, EILAS, EHNE eta Hiruk. Uribe Kosta eta Erandiori dagokionez, ondoko mobilizazioak adostu dituzte. Batetik, Sopelako Dismodel eta Urdulizko Mecaner enpresako beharginek azken lantegi horren aurrean egingo dute ordu erdiko kontzentrazioa 11:30etik aurrera. Ordu berean, Faes Farma enpresa leioaztarreko langileak, berriz, Vicrilakoei batuko zaizkie ordu erdiz, Lamiakon bertan. Bitartean, Erandio, Leioa eta Getxoko udal langileek ere 11:30etik 12:00etara egingo dituzte elkarretaratzeak. Azkenengoak Algortako Telletxe plazan batuko dira eta gainontzekoak tokian tokiko udaletxean. Hala ere, Telletxen bertan dago deituta eskualde mailako mobilizazioa, 11:30etik 12:00etara. Argazkian, atzo ehun bat lagun elkartu ziren Areetako Xake plazan / © Bildu.