Gero jakin genuen zu zinela komediante-tunante haiek guztiak zuzentzen zituen aztia. Argiak noiz piztu, noiz amatatu agintzen zuena. Alemanaren txaleta, Lucas eta Mariaren etxea bihurtu zuena. Bota zuten txaleta, badakizu, ezta? Zuok joan eta gutxira. Aztirik izan ezean, miraririk ez baita. Txiki eta Otaegi plazako eskailerak S(hisha) P(angma) bihurtzeko fama(t)ua izan behar da norbera. Zeu bai famau, txo! Baina SP gaiztoa da. Jende asko hil du. Eta zortzimilakoak maite zenituen zuk, Lucasek bezala. SP bereziki.
Uda ederra izan zen hura. Inora joan beharrik ez zegoen entretenitzeko. Txikiak, handiak, denak ibiltzen ginen hantxe, zuen inguruan. Filmatze garaiko isiltasun erabateko hartan, arnasarik ere hartu gabe, badaezpada. Dimoztar aita-semeak ere figuranteak izan ziren filmean, nor diren lagunok bakarrik antzeman dezakegun irudian.
Eta akordatzen Etxetxutik Erribera kalerako bitarte guztia kandelez bete zenutenean? Roma Malok jarritakoak ziren, Marcosi etxera bidean laguntzeko. Ederra gaua. Zuk ez duzu, ordea, kandela biderik behar gurera etortzeko. Halako batean, kableak bildu eta optika ederrak zilar distiratsuko kutxa handietan jaso zenituzten. Furgonetak bete zenituzten berriro eta kaleak hustu. Hutsik gelditu zen Portu Zaharra zuok ospa egin eta gero. Akabo. Eta hemen utzi gintuzun, kanpamentu basean, zortzimilako berrien bila abiatzen zinela. Zeren Algorta ez baita Ondarroa ezta Legorreta ere. Eta Algortakoa uda bateko maitasun istorio iragankorra izan baitzen zure eta gure bizitzan. Halabeharrez banandu ginen, beraz, uda haren amaieran. Promesak ezpainen artean, agurra leuntzearren. Eta, hala ere, Aitzol, Portu Zaharreko lagunok ez diegu ondarrutarrei ezta legorretarrei ere batere inbidiarik, uda bateko maitasun istorio iragankorrak bakarrik baitira istorio ahaztezin eta betierekoak.
Beatriz Fernandez Algortako Portu Zaharreko auzokideak atzo "Gara" egunkarian argitaratutako artikulua