Pasa den martxoaren 24an, Elkar argitaletxeko kideek aurkeztu zuten Donostian "
Artzapezpikuaren bisita", Adam Bodor idazle hungariarraren nobela euskaratua. Unai Elorriaga idazle eta itzultzaile algortarraren lana izan zen liburu bitxi horren itzulpena, dagoeneko eskualdeko liburudendetan eta Leioako zein Algortako Villamonte kaleko liburutegietan eskura dagoena. Adam Bodorrek 1994n argitaratutako eleberriak Bogdanski Dolina alegiazko herriko kontzentrazio eremua du ardatz. Bertako arduradunak eliz hierarkiako kideak dira. Eszenatoki horretan Gábriel Ventuza heldu berria kokatzen du Bodorrek. Ventuzak aitaren gorpuzkiak herrira eramatea du xede. Halere, heldu bezain laster lapurtu eta biluzik utziko dute. Unai Elorriagaren ustez, itzulpena ariketa literarioa da, “testu bat ondoen ulertzeko modurik onena itzulpena egitea dela” iritzita.