Horrela, Konstituzionalak egun bakarra izango du bere erabakia hartzeko, hauteskunde kanpaina hasi baino lehen egin behar duelako, hau da, ostegun gauerditik ostiralera doan tartea baino lehen. Iturri judizialek jakitera eman dutenez, aipatu auzitegiak bihar 10:00ak baino lehenago beraien alegazioak bidal ditzatela eskatu die Estatuko Abokatutzari eta Fiskaltzari. Printzipioz, Konstituzionalaren Bigarren Salaren ardura izango da horren inguruan erabakitzea.
Euskal Herriko Unibertsitateko Errektoretzaren adierazpena:
Euskal Herriko Unibertsitateak, datozen hauteskundeetan aurkeztekoak ziren 258 zerrenda baliogabetu dituen Auzitegi Gorenaren epaia dela-eta, gizarte-erantzukizunez eta bere estatutuen 4. artikuluko 2. atalean jasotakoa betez, honako hau jakinarazi nahi du:
Pertsona guztiek dute politikan aritzeko eskubidea, eta printzipio ukaezina da hori demokrazian. Unibertsitatearen ustez, badira kontuan hartu beharreko oinarrizko balio eta printzipio batzuk, bai eztabaida politikoan, bai unibertsitate-eztabaidan: hau da, ideien debate librea, akordioak bilatzea eta joera politiko guztien parte-hartzea eremu publikoan, hitzaren eta arrazoiaren bidez.
Unibertsitate-eztabaidaren eremuan ideiak erabiltzen dira, inoiz ez bortizkeria, eta ideia guztiak onartzen dira, ez da bakar bat ere isilarazten. Bi printzipio hauek funtsezkoak dira bizikidetza demokratikorako, eta tinko aldarrikatu beharko genituzke gaur egun bizi dugun egoeran.