Helburu berdintsuak konpartitzen dituzten beste batzuekiko elkarlana ere enpresa berri honen izaeran bertan doa. Enpresaren mozkin ekonomikoei dagokionean, berrinbertsiora bideratuta doaz, euskal kulturaren zerbitzura eta haren ondarea aberastera.
Euskal gizarte zabalari, eskolagintzari, zerbitzua ematen jarraitzeko, eskaintza sendotzeko, helburuarekin sortu dugu ikaselkar. Hezkuntza euskaldunaren eskola-ekintzak XXI. mendeko erronka gisa hartu duen euskal curriculuma dago oinarrian. Euskal curriculuma da, euskal gizarte zabalarekin, hezkuntzako eta euskalgintzako eragileek, elkarrekin, konpartitzeko aukera. Hezkuntza materiala, eraldaketa pedagogikoa, horren araberako prestakuntza profesionalentzat Curriculum berrira egokitu beharrak erraldoiaren ahalegina eskatzen du. Erronkaren dimentsioak hazkundea eta sendotasuna eskatzen zituen.
Elkar argitaletxea 1973. urtean sortu zen. Euskalgintzaren eta kulturgintzaren ediziogintza militantearen eremutik enpresa profesionalaren eredura jauzi egin zuen, konpromiso sozialaren ezaugarria inoiz galdu gabe. Organikoki, Elkar Fundazioaren geruzapeko atal bat da. Honek, 450 langile eta 20 enpresa baino gehiago ditu bere baitan, bost argitaletxe, hamasei liburu denda, banaketa enpresak, eta abar.
Bere xedea enpresa-taldea sorreratik bertatik “Euskararen eta euskal kulturaren sustapena eta garapena modu eraginkorrean bultzatzea” izan da eta helburu hori lortzeko, euskal kulturaren zerbitzura enpresa-egitura sendo bat jarri du, kultura eta ekonomia uztartuz. Hasiera-hasieratik heldu diote berrinbertsio-politikari, enpresek lortzen dituzten etekin guztiak enpresetan bertan inbertituz, kulturaren zerbitzura jarriz. Betiko ideiei eutsiz gurearen moduko kultura txiki baten beharrei azkar eta eraginkortasunez erantzuteko moduko enpresa-arloko profesionaltasuna eskuratzea lortu du. Eta hau guztia, herritar, talde, elkarte eta abarrekin lankidetzan, elkarlanean, auzolanean.
Ikastolen elkartea, europar kooperatiba da gaur egun: 102 ikastola, zazpi euskal lurraldeetan, 4.800 langilerekin; 50.400 ikasle eta horien familiak, 130 profesional Elkartean bertan. XX. mendeko bigarren zatian abian jarri zirenean, lehen ikastoletako andereño eta irakasleek, ezagunak diren zirkunstantziengatik, material propioa jorratu behar izan zuten, modu apalean lehenago, gero eta landuagoa denborarekin. Materialgintza horrek jarraipena izan du urteetan zehar, profesionalizatuaz, gaur eguneko abangoardiako estandarretara iritsi arte. Saritua ere izan da, Eusko Jaurlaritzaren aldetik, Europako Batasunaren aldetik, eta Erresuma Batuko English Speaking Union fundazio prestigiotsuaren aldetik, besteak beste.
Berrikuntza jatorrian, berrikuntza helburuan, euskara eta euskal kultura mamian, kultur ekoizpen integrala gizarte zabalaren zerbitzura jarriko duen enpresa duzue ikaselkar.