Meaux espetxe frantziarrean daukaten Iker Beristain preso politiko algortarra "mitard"-ean dago, hau da, isolamenduko zigor ziegetan, joan den ostiraletik.
Uribe Kostako Amnistiaren Aldeko Mugimenduak adierazi duenez, "osasun arazo bat dauka besoan eta horretarako medikuak emandako pilulek dirudienez alergia eragin zioten. Horren aurrean, medikuak artatzeko eskatu zuen behin eta berriro eta, kasurik egiten ez ziotela, kartzelari batekin tirabirak eduki ei zituen eta mitard-era bidali zuten hamar egunetarako". Gogoratu urria eta azaro artean Meaux-eko euskal preso politikoak 25 egunez egon zirela
gose greban, Beristaini Jare bere alaba txikia ikusten uzten ez ziotelako. Azkenean, Le Vert epaileak bisitarako baimena eman zuen eta presoek protesta bertan behera utzi zuten. Argazkian,
oztopoak oztopo, kalean ere Iker Beristainen egoera salatu zuten.