Baina argi geratuko den beste gauza ere bada PSOEk euskal eragileei erantzun digula eta prozesu demokratikoari ezetz esan diola. Ezetz borobila konponbidearen eta bozken artean hautatzerakoan bozkak hautatu dituelako (hori bada guzti honen atzean dagoena) eta oinarri demokratiko minimo batzuk ziurtatzeko erabakia hartu ordez itun antiterroristan urrats berria ematea erabaki duelako.
Galdera asko egin daitezke: Zertarako balio du PSOEren gobernu batek PPren politikak egingo baditu? Eta nola iritsi akordio minimo batera hauekin errepresioan nor baino nor astakirtenago bada estatu espainolean politika egiteko eredua oraindik orain? Guztiok dakigu gatazka politikoa behingoz eta betirako konpondu nahi badugu Estatuekin elkarren arteko errespetuan oinarritutako akordioak lortu beharko ditugula. Baina oraingoz, hobe dugu Euskal Herria, askatasun demokratikoen eskakizuna eta euskal eragileak zein herritarrak bide honen alde ditugun konpromisoak indartzeari garrantzi osoa ematea partidu hauekin zerbait egin daitekeen eztabaidan galdu gabe.
Gauean jakingo dugu konstituzionalak zer esaten duen. Ilegalizazioa bada, asmatu beharko da Euskal Herrian behar beharrezkoa den demokraziaren aldeko bidea hauteskunde hauetan ere indartzeko formula hoberena zein den. Baina bitartean, gauza bat argi dago, zenbat eta zabalagoa erantzuna eta zenbat eta gehiago egoera hau onartezina dela kalean adierazten dugunak, orduan eta aukera gehiago guzti guztiak izateko demokraziaren aldeko hautua egitera behartuak daudenak.
Ainhoa Etxaide LAB sindikatuaren idazkari nagusia