Aitor Artetxe Rodriguez euskal preso politikoari hiru urteko espetxe zigorra ezarri dio Parisko Auzitegiak, EFE albiste agentziak adierazi duenez. Iturri berberen arabera, behin kartzelaldia beteta, algortarra Frantziatik kanporatzea agindu du Jacqueline Rebeyrotte magistratuak. Mutila
2008ko abenduaren 8an atxilotu zuen Frantziako Poliziak, Gerben, Bagneres de Bigorre ondoan (Pirineo Garaiak), ETAko kidea zelakoan. Beste bi euskal herritar atxilotu zituzten berarekin batera. Fiskalak
martxoaren 31n egindako epaiketan adierazi zuenez, "Artetxek ia ez zuen Frantzian ekiteko denborarik izan, muga zeharkatu zuenetik atzeman zuten arte igarotako bizpahiru orduetan". Egun, Villepinteko espetxean preso daukate, Algortatik 950 bat kilometrotara, kotxez. Argazkian, Aitor Artetxeren irudia auzokide batek helduta.