Getxoko EAJk ohiko karteladarekin zabaldu du gauerdian maiatzaren 22ra begirako hauteskunde kanpaina,
Imanol Landa egungo alkate eta hautagaiak jarri duelarik lehenengo kartela. Jelkideek adierazi dutenez, "15 egun bizi dauzkagu aurrean, Getxoko bizilagunek EAJk aurkezten duen programa eta eskaintza ezagutarazteko oinarri adierazgarri batekin, orain arteko lanean ere bermatuta dagoena: kudeaketan zorroztasuna, erantzukizuna eta garbitasuna". Hiru dira Landak hurrengo lau urtetarako proposatzen dituen lan ildo nagusiak: “ekonomia arloan zorroztasunik handiena, oinarrizko zerbitzuei lehentasunezko arreta, eta inbertsio publikoa enplegua sortarazi eta udalerriaren aurrerapena bultzatzeko”. Honako konpromisoa gaur bertan azpimarratuko du alkategaiak Algortako Tellagorri, Kasino eta Basagoiti Etorbidea aldean gauzatuko duen propaganda banaketan. Bihar, larunbata, Getxoko Aixerrota ibilbidean izango da eguerdi aldera; eta arratsaldez, Areetako Xake plazan, EAJk antolatu duen mitinean parte hartuko du, Jose Luis Bilbao eta Iñigo Urkullurekin batera, 18:00etan. Argazkian, Algortako Telletxe plazatik abiatu dira / © Getxoko EAJ.