Matxitxakoko itsas batailan parte hartu zuten gudariak omendu dituzte etzi Armintzan

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2011ko mai. 6a, 18:44
1937ko martxoaren 5ean, frankisten Canarias gerra ontziari aurka egin zioten gudariak omenduko ditu igande honetan, maiatzak 8, Matxitxako elkarteak. Ekitaldia Armintzako kai-muturrean izango da. Horretan parte hartuko du Idoia Mendia Eusko Jaurlaritzaren bozeramaileak, Lakuako iturriek Irekia.net webgunean iragarri dutenez. Hala ere, ez dute ordurik zehaztu. Iñaki Anasagasti EAJko senataria ere izango ei da omenaldian, beste hedabide batzuen arabera. Bereziki, Nabarra bouko marinelak izango dituzte gogoan. Enrique Moreno komandanteak errenditu baino nahiago izan zuen borrokan hondoratu, eta tiroz erantzun zion frankisten ontziari. Guduak bi ordu baino gehiago iraun zuen, Canariasen azken tiro batek ontzia erabat funditu zuen arte. Moreno komandanteak, beste batzuekin batera, ontzian gelditzea erabaki zuen, eta harekin batera hondoratu zen. Berrogeita bederatzi gizonetik hogei baizik ez ziren salbatu. Frankistek preso hartu zituzten. Gaur egun, Nabarra boua Matxitxakoko ur azpietan dago, 120 metroko sakoneran. Argazkian, Matxitxakoko itsas batailako 70. urteurrena gogorarazteko antolatutako ekitaldien buru izan zen 2007ko martxoaren 5ean Juan Jose Ibarretxe lehendakaria / © EAJ.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun