Datorren astean lanuzteekin jarraituko dute eskola publikoetako jangeletako langileek. Horixe bera erabaki zuten atzo eguerdian egindako batzarretan. ELA, LAB eta UGT sindikatuek jakinarazi dutenez, goizez Bizkaia eta Gipuzkoako Hezkuntza ordezkariekin egon ziren bilduta eta biak Soledad Esteban sailburuordearekin jarri ziren kontaktuan. Hezkuntza Saila ahalik eta lasterren sindikatuekin biltzeko data ematera konprometitu da, beharginen ordezkarien arabera. Bitartean, eskola jantokietako langileek, Bilbon eta Donostian, Hezkuntza ordezkaritzen aurrean egin zituzten elkarretaratzeak atzo eguerdian. ELA, LAB eta UGTk azaldu dutenez, 300 langile inguru batu ziren Bizkaiko hiriburuko mobilizazioan, eta haietako hainbat delegaritzara sartu ziren "modu lasai eta baketsuan". "Eusko Jaurlaritzak Ertzaintzaren bidez atera zituen langileak bertatik, indarrez. Tentsio uneak bizi izan ziren bertan", salatu dutenez. Argazkian, grebalariak Cocina Central Goñi enpresako kamioia aurrean zutela, asteartean, Algortako Zabala ikastetxean.
HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.
Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!