Jon Puente gazte bilbotarrak irabazi du Barrikako San Juan jaietako kartel lehiaketaren hirugarren edizioa. Ondorioz, hori izango da ospakizunetako kartel iragarlea. Sari banaketa joan den ostiralean egin zuten, maiatzaren 6an, 19:00etatik aurrera, Barrikako kultur etxean (Txintxilandia eraikina). Bertan, irabazlearen izena argitu zuten. Jon Puentek 500 euroko sari bakarra jaso zuen. Aurten, lau lan aurkeztu dira guztira. Puente bilbotarra da eta 23 urte ditu, kultur iturri barrikoztarrek aipatu dutenez. Gisa honetako lehiaketatan esperientzia zabala du, sarritan hartzen baitu parte, eta zenbaitetan finalista izan da. Kartela argazki muntaketa bat da. Lehen planoan zapatila parea azaltzen da, Barrikako armarriarekin. Bigarren planoan eliza ageri da. Arduradunek azaldu dutenez, "kolore handiko lana da, gainera, Barrikako banderari dagozkion koloreak dira azaltzen direnak". Argazkian, Jon Puente bilbotarra bere lana ondoan duela / © Barrika.net