Etzi, asteazkenarekin, Leioako
Behargintzak programa berezia prestatu du Ekintzaile Eguna burutzeko. Aipatu ekimena, Europako hiri nagusietan egin ohi da, ekintzaileen lana zabaltzeko eta hiri-garapenari dakarkioten balioa aintzatesteko. Udalerrian egiten den lehenengo edizio hau, ekintzaileen lanari "erakundeek ematen dioten sustapenean" zentratuko da, antolatzaileek jakinarazi dutenez. Kontzeptu hori diziplina anitzeko ikuspegitik bultzatu nahi dute: soziala, ekonomikoa eta kulturala. Gauzak horrela, hainbat ekintza antolatu dute: "Ekintzaileen psikologia" izeneko hitzaldia; "enpresak sortzearen aldeko politikak" gaiari buruzko mahai-ingurua eta ekintzaileen esperientziak trukatzea, besteak beste. Bestalde, aktibitate osagarri gisa, Behargintzak ekintzaileentzat negozio-ideiak sortzeko hainbat tailer antolatu ditu gaur, bihar eta etzi. Tailerretara eta asteazkeneko ekimenera joateko plazak mugatuak dira, beraz, aldez aurretik izena ematea gomendatu dute antolatzaileek. Argibide gehiago Leioako
www.bat-leioa.com web gunean topa daiteke. Argazkian, Leioako Behargintza bulegoa / © Leioa.net.