Blues jaialdiari dagokionez, aurten 23. edizioa burutuko da. Bertan, Javier Vargas Blues Band & Devon Allman, Otis Taylor Big Band & Corey Harris eta Charmaine Neville Band & Charles Neville arituko dira. Kontzertu guztiak Algortako Biotz Alai plazan izango dira 21:00etan, maiatzaren 19n arituko den Charmaine Nevillena izan ezik, 20:00etan hasiko baita. Saio horiez gain, doako kontzertuak ere egongo dira 23:00etatik aurrera Algortako The Piper´s taberna irlandarrean, hilaren 17an eta 18an. Bertan Los Blues Morning Singers eta Mara Zydeco taldeak arituko dira.
Getxoko Nazioarteko Jazzaldiak Euskal Herriko jazz denboraldiari emango dio hasiera, hainbat artista handien eskutik. Aurten, Branford Marsalis saxo-jotzailea eta Chucho Valdes pianista izango dira izar nagusiak. Halaber, Lee Ritenour, Dave Holland eta Aki Takase ere arituko dira. Kontzertuak Biotz Alai plazan izango dira 22:30ean, talde lehiaketako kontzertuak amaitu ondoren. Ohi bezala, bost egun horietan, doako kontzertuak ere egongo dira Algortako Telletxe plazan, 19:00etatik aurrera. Bertan, "Hirugarren milurtekoa" ataleko taldeak arituko dira eta, Algortako The Piper's taberna irlandarrean, berriz, jam sessionak egongo dira kontzertu nagusien ostean.
HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.