Basaki euskarazko metal talde leioaztarrak "Egunero hasten da" bere laugarren lana aurkeztu du gaur Bilbon, Elkar diskoetxeko aretoan. Elkarrek zabaldu duenez, "lanak oinarri sendoa, rock-zalea eta indartsua badu ere, taldeak melodiak asko zaindu ditu. Horrek lanari argi-ilunak, dualitatea, eman dizkio". Izan ere, dagoeneko hiru urte pasa dira taldekideak lehen frogak egiten hasi zirenetik. Gainera, "estudiora sartu aurretik, aurre produkzioko lan handia" egin du taldeak. Are gehiago, "soinuari ukitu berri bat, aire oxigenatua ezarri nahi izan diote. Oinarri astunagoaz, pisutsuagoaz, jantzi dituzte doinuak AEBetako rock modernoaren aldera hurbiltzeko asmoz: Creed, Alter Bridge edo Stone Sour…". Basaki taldea 1996an abiatu zuten Leioan, 2000n izen bereko maketa kaleratu zutela. Bi urte beranduago, "Bide estuak" izeneko maketa argitaratu zuten. Ostean, 2004an zehar, taldeak jotzeari utzi zion, "taldekideen aldaketa batzuk eginda", orduan UKBERRI.NETi adierazi ziotenez. Handik hona, egungo taldea dabil: Iker Herrero (gitarra eta ahots nagusia), Alfonso Rodriguez (bateria eta ahotsa), Natxo Velez (baxua eta ahotsa) eta Pako Gonzalez (gitarra eta ahotsa). "Esperantzaren zain" diskoa izan zen talde berriaren lehen emaitza, 2006n. Argazkian, laukote leioaztarra / © Basaki.