Pasa den igandean, Manex Zubiaga Bravo preso politiko algortarra bisitatzera zihoazela, bere bi lagunek eta Lander Etxeberria presoaren bi gurasoek auto istripua izan zuten.
Etxerat elkarteak jakinarazi duenez, "sakabanaketa politikak" eragin duen aurtengo laugarren istripua herenegun goizeko 5ak aldera jazo zen, Lerma inguruan, 213. kilometroan, Madrilgo Estremera espetxerako bidean. Preso politikoen senide eta lagunen elkartearen arabera, "obretan zegoen bi norabideko errepide batean, errepide erdira azeri bat atera izanagatik kotxe batek bat-batean geratu behar izan zuen. Bere atzean zihoan kotxeak aurrekoa saihestu ahal izan zuen albo batera joanez, baina Zubiaga eta Etxeberria presoen senide eta lagunek ezin izan zuten bigarrengo kotxea saihestu eta bere aurka jo zuten. Zorionez, senide eta lagunek ez dute kalte fisikorik pairatu eta Estremeran zuten bisitak burutu ahal izan zituzten". Argazkian, Zubiaga 2009an, Espainiaratu zutenean / © Espainiako Barne Ministerioa.