Musikaz gain, liburu batekin dator Sirokaren CD berria. Edukiari dagokionez, lan osoa "lehentasunak" kontzeptuan oinarritu da. Hainbat lehentasun aukeratu eta gero, lehentasun guzti horiek abestien bidez eta istorioen bidez deskribatu dituzte eta emaitza bezala 9 ideia, 9 abesti eta 9 istorio sortu dituzte. Abestien hitzak, Sirokaren berezko uztaz gain, Ruben Riverok, Jone Uriak, Mikel Etxaburuk, Beñat Hach Embarek-ek eta Gotzon Barandiaranek egin dituzte eta ipuina Sirokaren berezko ekoizpena izan da. Nortasuna, hizkuntza, adiskidetasuna, askatasuna, borroka, denbora, gozamena eta maitasuna bezalako lehentasunetan oinarritutako 9 abesti eta 9 istorio. Eta istorioan barneratzeko Karosi eta Rosika protagonisten gidaritza paregabea izan dute.
Familia handituz
"Argi geratu da Sirokako familia handitu dugula", adierazi du laukoteak gaurko aurkezpenean. Orain arte aipatutakoez gain, beste lagun batzuk izan dituzte alboan beraien bigarren estudioko lana prestatzen. "Hi Vascofona!" abestiaren bideoklipa Markos Arroyok grabatu du eta laster egongo da ikusgai. Taldeko argazkiak Alfredo Ramirezek eta Goio Ramosek egin dituzte. Eta Mikel Olasagastik eta Hodei Cepedak hedatu dute diskoa Internet bidez.
Diskoa eskuratzeko aukerak
Hainbat dendetan egongo da eskuragarri "Karosi" disko-liburua; Bilboko Gatazka gunean eta Algortako Eztabaida gune antiautoritarioa, kasu. Bestalde, Gatazka guneko posta bidezko zerbitzua ere erabiliko dute. Azkenik, Internet bidez, 2Dzanga enpresako Hodei Cepedak diskoa zuzenean sakelekora deskargatu ahal izateko QR delakoa sortu du eta web orri berezi bat egin du diskoa ostatzeko. Izan ere, orain arte entzungai egon den "Hi Vascofona!" single-a eskuragarri izatetik, disko osoa eskuragarri egotera pasa da. QRrekin eta "Karosi"-ren irudiarekin pegatinak egin dituzte kalean edonork diskoa mugikorreko "klik batekin" eskura dezan.
"Karosi" diskoa aurkezteko biraren egutegia:
• Maiatzak 14, 22:00etan, Getxoko jaietan (plazan), Obrint Pas-ekin.
• Maiatzak 28, 21:30ean, Irungo Elkartasun Gauean (Landetxako frontoian), Governors, Txapelpunk eta Rat-zinger taldeekin.
• Ekainak 3, 22:00etan, Iruñeko Arrosadiako jaietan (plazan), Vendetta eta Skatu taldeekin.
• Ekainak 10, 22:00etan, Leioako Kurkudi Herriko Tabernan.
• Ekainak 11, 22:00etan, Igorreko jaietan (plazan), Feos Pero Majos taldearekin.
• Ekainak 17, 22:00etan, Balmasedako herriko tabernan.
"Karosi" disko-liburuaren aurkezpena iruditan:
QR kustomizatua: