Joan den larunbatean eman zion hauteskunde kanpainari hasiera Getxoko Bilduk. Jai giroan ospatu zuten lehenengo agerpena, Algortako Tellagorri plazan. "Hasiera batean, Athletic-ek publikoa kendu zigun arren, arratsaldea pasa ahala gero eta jende gehiago animatu zen. Horren isla izan zen banatu genituen txorixo eta txistorraren kiloak", adierazi dute koalizioko kideek. Umeentzako jolasak, txalaparta-tailerra, makillajea, musika, bertsolariak… izan zituzten bertan, giroa alaitzeko. Horretaz gainera, nahi izan zutenek beraien proposamenak ezagutzeko aukera izan zuten, bertan Getxo udalerrirako duten programaren ildo nagusiak ikusgai baitziren, baita beraien hautagaitza ere.
Igandean, berriz, 300 lagun baino gehiago batu ziren eguerdian Xake plazan. Ekitaldi politikoan, Itzubaltzetarako dituzten proposamenak aurkeztu zizkieten bildutakoei Maitane Nerekan Umaranek eta Roberto Martinek. Besteak beste, aparkalekuak, gaztetxea, plazen urbanizazioa, kultur etxea, herriko jaiak, emakumeek herrian pairatu dituzten erasoak, etorkinek integratzeko dituzten mugak edota euskaraz bizitzeko zailtasunen inguruan jardun zuten.
Bilduren ekitaldi politikoa Xake plazako Itzubaltzeta / Romoko aldean:
Asteazken honetan, maiatzak 11, Algortan egingo du ekitaldi nazionala