Santurtziko AGR-207ko kaltetuen kolektiboa: "30 familia egoera larrian"

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2011ko mai. 10a, 23:47

Gure etxebizitzak eraitsi zirenetik lau urte direla, trukean adostu genituen etxe berriak hasi barik daude eta, gainera, arteko alojamendurako laguntza ekonomikorik gabe utzi gaituzte. Santurtziko AGR-207an iruzurra egin diguten 30 familiak kaltetuen kolektibo bat osatzea erabaki dugu, geure eskubideak ahalik eta onenen defendatzeko. Era berean, ondokoa jakitera eman nahi dugu: Estutasunean bizitzera eraman gaituzte azken 15 urte baino gehiagoan etxebizitzari dagokionean. Lau urte baino gehiago dira gure etxebizitzak eraitsi zituztenetik. Ordutik zain gaude, gure bizitegiak ez direla eraikitzen begi bistakoa dela. Notarioaren aurrean sinatu genuen kontratua ez du bete Promociones Mamariga enpresak, eta ondorioz, lehen pisu zahar baina duin baten jabe ginenok (gehien-gehienetan zorrik gabe, gainera), paper soil baten jabe gara egun, ez etxerik, eta gainera, gure alojamenduaren kostua oso-osorik geure gain harturik martxoz geroztik. Iruzur maltzurra egin digute eta babesgabetasunean utzi. Argazkian, Santurtziko Udalaren egoitza. Erakunde horren PSE-EE eta EAJko udal gobernuak, Jabyer Fernandez enpresaria eta Euskadiko Kutxa dira, auzokideen ustez, bizi duten dramaren arduradunak / cc-by-nc-sa txikita69.

Santurtziko Udalak 1995ean geure bizitegiak Hirigintza Ordenaziotik at utzi zituen, geureak eraitsita etxe berriak eraiki zitezeneko asmoz. Orduz geroztik, debekatu ziguten geure etxeetan hobekuntza lanik egitea, ezinbestekoak salbu.

2005 eta 2006 bitartean, Promociones Bizkaia enpresa etorri zen guregana AGR-207 ekimena gauzatu nahi zuela eta adostu genuen etxebizitza trukatzea, zeinaren arabera, oro har, pisu berria eskuratuko genuen geurearen truk, gehi hilero 480 euroko diru-saria etxe berriak eraiki artean, geure alojamenduan laguntzeko (nahiz eta Santurtzin bataz besteko alokairua 700 eurotan dagoen).

2007 urtearen hasiera geure bizitegiak utzi behar izan genituen, eta maiatzean eraitsi zituzten. Urte hartako udaberrian, Promociones Bizkaia-k jakitera eman zigun bertan behera utzia zuela Jabyer Fernandezen Afer taldearekiko lankidetza, eta aurrerantzean talde honetako Promociones Mamarigak hartuko zuela bere gain AGR-207 ekimenari zegokion dena, baita gurekiko konpromisoak ere. Horrela, pixka bat beranduago, notarioaren aurrean sinatu genuen akordioa Prmociones Mamarigako ordezkariak ziren Lorena Dieguez eta Josefina San Miguel andreekin.

Ordutik hona, orubean eraispenaren hondakinak garbitu eta ondoko beste obretako soberakinak bildu besterik ez du egin enpresa honek.

Kontratuan adostu genuen lau urteko epea amaitu da otsailean eta 30 familiok kale gorrian gaude, etxebizitzarik gabe, itundutakoa ez beteta. Egoera are larriagoa egiteko, martxotik Promociones Mamarigak ez digu ordaintzen itundutako alokairurako diru-laguntza. Beraz, geure bizkar hartu behar dugu oso-osorik gainzama ekonomikoa.

Horrela, ezin gogorrago salatzen dugu Jabyer Fernandez Promociones Mamarigako arduradun nagusi eta gure auzoko semeak, iruzurra egin digula, ez duela betetzen adostu genuen kontratua, etxerik gabe eta diru-laguntzarik gabe utzi gaituela. Berak aitortu duenez, ez du etxerik eraikitzeko asmorik, baina ez du onartzen gure proposamena bertan-behera uzteko kontratuak familioi kostu ekonomiko gehiagorik ez eragiteko, eta nahita zailtzen du beste eraikitzaileren batek bere gain hartzea AGR-207 ekimena. Bere jarrera doilorra eta guztiz zitala da, zeharo salatzekoa eta erabat bihozgabea.

Santurtziko Udalak ere badu ardura gure egoeran eta muzin egin nahi dio. Gure pairamenaren abiapuntua Santurtziko Udalaren Hirigintza Planean dago, eta horren asmoan geure etxebizitzak bota eta berriak eraiki zitezen. Lehengo udal-gobernuak (PSE) ez zigun inolako laguntzarik ez aholkurik eskaini, ez zen guregana etorri ezertarako, ez bazen argi eta garbi erakusteko auzokook akordio batera iritsi behar genuela promotorarekin nahi eta nahi ez. Areago, gure etxeak eraisteko baimena eman zion sustatzaileari, nahiz eta honek eraikitzeko borondaterik ez zuen, denborak erakutsi duenez. Horrela izan ez balitz geure etxeetan egon gintezkeen oraino, eta ez oraingo egoera larrian.

Oraingo Udal Gobernuak (PNV) ez du ezer efektiborik egin lau urteotan ekimen urbanistiko hau burura eramateko, nahiz eta orubearen %18 baino gehiago berea den. Bere babesa eskaini digu, baina ez digu irtenbide eraginkorrik ematen eta udalari dagokion ardurari izkin egin nahi dio, "pribatuen arteko afera” dela esaten, kontuan izan barik oraingo egoeraren iturburua udalaren erabakiak direla zalantzarik gabe. Areago, pairatu behar dugun egoera bidegabe honi zauri ekonomikoa gehitu delarik, irtenbide arduratsurik eskaini baino Gizarte Ongizate sailera joaten gonbidatu gaitu. Lotsagorritzeko jarrera zoritxarrez.

Euskadiko Kutxari ere badagokio erantzukizun zati bat afera honetan. Kutxa hau da orubearen zati handi baten gaineko hipotekaren jabe, Promociones Mamarigari emandako mailegua medio. Hortaz, rol garrantzitsua joka dezake oraingo korapiloa askatze aldera, baina oraindik ere muzin egin dio ezer egiteari geure egoera larria arintzeko.

Laburbilduz, Jabyer Fernandez jaunaren jarrera lotsabakoak (bestelako hitz gordinagoak ez erabiltzearren), eta Santurtziko Udalaren nahiz Eukadiko Kutxaren jokaera eskasak, 30 familia –100 pertsona baino gehiago, orotara– egoera guztiz etsigarrian gaude, prekarietate eta babesgabetasun erabatekoan, geure bizitza-asmoak eurak kolokan; geureak ziren etxeak eraitsi eta lau urtera, adostu genuen etxerik gabe gaude eta ez da ikusten epe labur-ertainean izango dugunik eta, are larriago, alojamenduaren koste ekonomiko guztia geure gain harturik.

Hauek honela, ondokoa exijitzen dugu:

● Aferan inplikaturiko hiru erakundeek (Promociones Mamarigak, Santurtziko Udalak eta Euskadiko Kutxak, alegia) dagozkien egin beharrak bete ditzatela AGR207 ekimena burura dadin, geure etxebizitzak eraiki daitezen ahal denik eta lasterren eta 15 urteotan pairatzen gabiltzan prekarietate eta sufrimendu-aldia behingoz amai dadin.

● Promociones Mamariga enpresari eta bere jabea den Jabyer Fernandezi, kontratuan sinatu genituen konpromiso guztiak bete ditzala aitzakiarik gabe, eta berehalaxe ekin diezaiola ordaintzeari kaltetuontzako dirulaguntza, harik eta geure etxe berrien giltzak eman arte, kontratuan sinatu genuen bezalaxe.

● Administrazio Publikoei, eta batik bat Santurtziko Udalari, arazo honen funts publikoa, eta beraz haiei dagokien erantzukizun saihestezina onartu dezatela, administrazio publiko eta orubearen jabeetakoa direnez; eta kaltetuoi laguntza benetakoa eman diezagula, bai gure alojamenduei dagokienean baita arlo juridikoan ere.

Amaitzeko adierazi nahi dugu, gure egoeraren larria kontuan izanda, geure abokatuak aztertzen ari direla zein izan daitekeen gure defentsa juridikorik onena, eta ez dugula baztertzen zigor auzibidea jorratzea iruzur eta maula honetan era batean edo bestean parte harturiko eragileen aurka.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun