Maiatzaren 28an, larunbatarekin, alde anitzeko elkarrizketa eta akordioaren aldeko ekitaldi erraldoia egin gura du Algortako Portu Zaharrean
Itsasoruntz ekimenak. Goizeko 11etatik aurrera hainbat ekimen izango dira: txalapartariak, Aitzol de Castroren aurkezpen hitzak, bertsolariak (Jone Uria, Arrate Illaro eta Jon Maia), Unai Elorriaga idazlearen mezua, Porrotx pailazoa Zukurekin jolasean, ekintza uretan, luncha, enkantea, zozketa, euskal dantzak, musika (Gibel Urdiñek)... Orain ia bost urte hiru kolorez (gorria, berdea eta zuria) apaindutako gezi erraldoia osatu zuten Algortako Portu Zaharreko uretan. "Oraingoan, erronka garrantzitsuak ditugunez aurrean, are ikusgarriago egin nahi dugu maiatzaren 28ko ekitaldia", adierazi dute Uribe Kostako surflariek. Gauzak horrela, aipatu larunbatean, Itsasoruntzen logoa osatuko dute uretan, gutxienez, 400 pertsonen laguntzaz. Hori guztia prestatzeko, ostegun honetarako, maiatzak 12, batzar irekia deitu dute. 19:30etik aurrera elkartuko dira, Algortako Biotz Alai plazan. Argazkian, 2006ko urriaren 21ean, Itsasoruntz ekimenak antolatuta, surflarien topaketa egin zen Kantauri itsasoan, Algortako Portu Zaharraren ondoan, euskal presoen eskubideak eta etxeratzea aldarrikatzeko.