Joan zen astean, eskola zuzendaritzak lagunduta, IGEk egundoko ahaleginak egin behar izan zituen ikastetxeko eskola ordutegia bere horretan mantentzeko. 20 aita-ama bolondres aritu ziren jantokiko ordutegian ikasleak zaintzen, 12:30etik 14:30era, gutxieneko zerbitzuko 2 langilek piknika banatzen zuten bitartean. Honela egun batzuk eman ditugu, ikasleak atenditzen eta graba eskubidea errespetatzen. Baina ikasleek astebete bokatak jaten jardun dute.
Aste honetan, eta greba deialdi berri honen aurrean, ezin izan dugu berdin jokatu eta jantokia itxi eta klaseak 14:00etan bukatu beste erremediorik ez dugu izan. Honen ondorioz ez da eskola ordutegia betetzen, bazkalordua aldatu behar izan dugu, eguerdiko zein arratsaldeko eskolatik kanpoko ekintzak ere bertan behera utzi behar izan ditugu... garen 400 familion bizitza eta lana uztartzea ezinezkoa izan zaigu.
Eta hau guztia ondorengo arrazoiengatik:
• Ezinezkoa zaigu beste aste bat umeak piknika jaten eduki, umeek jan nahi ez dutelako, banatzen diguten piknikaren kalitatea ere ez baita oso ona.
• Bazkaria prestatzen ari diren egoera ez ditu higiene eta osasungarritasun baldintzak betetzen.
• Eusko Jaurlaritzak ezarri dituen gutxieneko zerbitzuak erabat eskasak dira gure ikastetxerako, 2 begirale daude 392 ikasle zaintzeko.
• Eskola jantokiak erabiltzeko dagoen lege-muga dela eta ezin dugu etxeko bazkaria eraman bertan ikasleek har dezaten.
• Gurasook antolatutako edozein ekintza langileen greba eskubidearen kaltetan dagoela uler daiteke eta salaketa jaso dezakegu.
• IGEn langileon greba eskubidea errespetatzen dugu, eta honela jarraituko dugu.
Ildo honetan oso kezkatuta gaude greba honek gure seme alaba zein familiarengan izaten ari den eragin ekonomiko eta pertsonala. Badira zenbait opor egunak hartu behar izan dituenak, edo beste inor ordaindu behar izan dute, eguneko krisi egoeraren barruan hartu beharreko erabakiak edo inguruko senide edota adiskideen laguntze eta mesedea eskatu behar izan dugu, egoera latz honi aurre egiteko.
Hau guztia dela eta:
Eskaera
Eusko Jaurlaritzari, beharreko neurriak har ditzala gure lana eta bizitza uztartzeko eskubidea babesteko, gure ekonomian eragina izan gabe eta gure seme alaben inguru segurua, osasungarritasun egoera eta eskola eta jantoki ordutegi finkoa izateko eskubidea ziurtatzeko.
Jantoki zerbitzuko emakidadun enpresa eta sindikatuei, akordio batera lehenbailehen iristeko ahaleginak egin ditzatela, gure seme-alaben
eskola eta jantoki orduak bete ahal izateko eta familien uztartze eskubideak errespetatzeko.
Getxoko Andra Mari Ikastetxeko Etorkizuna IGE