"España y el proceso de Bolonia" ikerlana kritikoki aztertzen du Goi Mailako Hezkuntzaren Europako Esparrua sortzeko prozesua. Besteak beste, prozesu honen erronkei eta eredu berrira egokitzea sortzen ari den arazoei erreparatzen die. Horrez gainera, tresna praktiko bat ere bada, Europako herrialde guztietako unibertsitate-sistemen konbergentziak zehazki zer esan nahi duen jakiteko, zer abantaila dituen eta norantz goazen. Alde horretatik, kontuan izan behar da Boloniako prozesuak hezkuntza arloko 8.000 erakunderi baino gehiagori eta 25 milioi ikasleri eragingo diela. Liburuaren egileak ados daude guztiz eredu berri hau sortzearekin, baina uste dute ez dela behar bezala ulertu Espainian. Horregatik, haien iritziz, "inoiz baino beharrezkoagoa da Europako eta Espainiako unibertsitate-sistemek bat egitea modernizazio-prozesu honetan".
Liburuaren lehen atalak Europako herrialde guztietako unibertsitate-sistemak sistema bakarrean integratzea eragin duen prozesua aztertzen du. Ondoren, eredu berria Espainiako estatuan ezartzeak izan dituen zailtasunak aipatzen ditu, ikuspuntu kritiko batetik, eta egokitze honek izan duen atzerapenaren arrazoiak ere aztertzen dira bereziki. Azkenik, hirugarren zatiak hainbat aldaketa-proposamen egiten ditu, beharrezko aldaketak, egileen iritzian, estatuko unibertsitateak esparru berri honetan era egoki eta lehiakorrean integratzeko.
Iñaki Goirizelaia errektorearen iritziz, "liburu hau tresna ezin hobea da unibertsitate-sistema berria ezagutzeko eta eredu honen etorkizunari buruzko eztabaida sortzeko".
Bestetik, Pello Salaburu ikerlanaren zuzendariak adierazi duenez, "Bolonia aukera ona izan daiteke Europako unibertsitate-sistemak ikasle eta irakasle onenak erakartzeko lehian sartzeko, eta ikasketak herrialde guztietan ulergarri izateko. Aukera bat da, eta behar bat ere bai. Espainian, aldiz, gaizki ulertu da Boloniako prozesua, eta, berriro ere, araudiekin, inprimakiak betetzearekin, ikastaro eta jarduerekin… soilik identifikatu da. Horiek denek zerikusi gutxi dute eredu berri honen oinarriekin, haren izenean egiten badira ere".