Berangoko Bildu: "Berangoko Udalak Lantzarteko landa saldu nahi du bihar"

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2011ko mai. 11a, 19:25
Berangoko Udalak Lantzarteko zelaiaren auzia itxi nahi du hauteskundeak heldu baino lehen. Lantzarteko auzokideek salatu duten bezala, Udalak ezohiko udalbatza antolatu du biharko, 4 milioi euroren truke zelaiaren salmenta onartzeko. Zer dela eta horrenbesteko presa? Egun, alderdien legeari esker, EAJk gehiengo absolutua du Berangoko Udalean, eta beraz, ez du inolako trabarik proiektua onartzeko. Hauteskundeen ostean, Bilduren parte-hartzearekin, gehiengoa galtzeko aukera izan dezake Anabel Landak eta horregatik erabaki du ezohiko udalbatza deitzea eta proiektua ahalik eta lasterren onartzea. Berangoko Bilduk gogor salatu nahi du Berangoko Udalaren jarrera. Biharko trikimailua azken lau urteetan egindakoaren adibide garbia da: auzokideen hitza isilarazi eta ezkutuan herriak nahi ez dituen proiektu txikitzaileak onartu. Horregatik, Bildu koalizioak bat egingo du bihar Lantzarteko auzokideek udaletxe aurrean antolatu duten kontzentrazioarekin. Hitzordua 19:30ean izango da. Auzoei hitza! Erabilera publikoa Lantzarterentzat! Kiroldegia nahi dugu! Argazkian, 2009ko maiatzaren 7an Lantzarte "guztiontzat" izatea aldarrikatu zuten Berangon / © Lantzarteko Auzokide Elkartea.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun