Mila ikaslek parte hartuko dute bihar Getxoko Euskal Egunean

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2011ko mai. 11a, 19:55

Bihar, ostegunarekin, Getxo udalerriko 11 ikastetxeetako 1.096 umek parte hartuko dute Euskal Egunaren zortzigarren edizioan. Hitzordua goizeko 10etan jarri dute, Algortako Fadura kiroldegian. Bertan, 6 eta 12 urte bitarteko neska-mutilek ikasturtean zehar ikasitako dantza eta kantak erakutsiko dituzte. Aurten, Eneko Balerdi Organik elkarteko dantzariak "Trikitixa" izeneko dantza erakutsiko du, dantza tradizionala eta modernoa nahasten dituena. Horretaz gain, Marmara taldea musika jotzen arituko da, Xabi Aburruzaga eta Joseba Andoni trikitilariekin batera. Aurtengo jaialdian, umeek Zazpi jauzi, Esku-dantza eta Txulalai bezalako dantzak egingo dituzte. Abestiei dagokienez, "Ikusi mendizaleak", "Txoriak txori", "Furra furra" eta "Xalbadorren heriotzean" kantak interpretatuko dituzte. Amaieran "Loretxoa" abestia kantatuko dute guztien artean. Argazkian, hainbat neska-mutil iaz egindako Euskal Egunean / © Getxoko Udala.

Hilaren 16an, astelehena, Bertsolari Gaztetxoen XI. Eguna ospatuko dute Areetako Andres Isasi Musika Eskolan, goizeko 10etatik aurrera. Bertan, neska-mutilek ikasgeletan "Zer eskatuko zenioke zure herriko alkateari?"gaiari erantzunez landutako zortziko txikiak botako dituzte. Aipatu jarduera Beñat Vidalek eta Nahikari Ayok aurkeztuko dute eta 296 ikaslek parte hartuko dute. Ohi bezala, Balendin Txiki Bertso-paper lehiaketako bosgarren sari banaketa eta bertso saioa egingo dute, Arrate Illaro, Onintza Enbeita eta Ander Solozabal bertsolarien eskutik.

Ekitaldian, Getxo udalerriko hiru bertso-paper hoberenak eta eskola bakoitzeko bi onenak sarituko dituzte. Guztira, zazpi ikastetxek hartu dute parte ekimenean: Andra Mari, Geroa, Gobela, Romo, San Nikolas, Zabala eta Zubileta.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun