Hautes zerrendetan emakumeak atzetik doazela salatu du Emakundek

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2011ko mai. 11a, 21:35

Maiatzaren 22ko udal eta foru hauteskundeetarako zerrendetan legez parekidetasuna bete baina praktikan lehen tokietan gizonak gehiengoa direla salatu du gaur Emakundek. Izan ere, hauteskundeetara aurkeztu diren hautagaien zerrendak aztertu ditu Emakume eta Gizonen Berdintasunerako 4/2005 Legeak eta 3/2007 Berdintasunerako Lege Organikoak ezartzen duten emakume eta gizonen arteko oreka bermatzen den egiaztatzeko. Horrela, zerrendek parekotasun baldintzak betetzen dituztela baina lehen tokietan gizonak oraindik gehiengoa direla ondorioztatu du Emakumearen Euskal Erakundeak. Uribe Kosta eta Erandion 63 alkategaietatik soilik 24 dira emakumezkoak, %38,09, eta hori Sopelako PSE-EEko Maria Teresa Fernandez Garciaren kasua kontuan hartuz, Valentin Solagaistua zendu ostean bihurtu baita alkategaia. Urdulizen, alkategai guztiak dira gizonezkoak, Barrikan %85,71, Plentzian %83,33, Lemoizen %75, Erandion %66,67 eta Leioan eta Sopelan %57,14. Getxo udalerrian, berriz, alkategaien %50 hartzen du genero bakoitzak. Bestalde, emakumezko zerrendaburuak gehiengoa dira Berangon (%60) eta Gorlizen (%83,33). Argazkian, Marisa Arrue da maiatzaren 22an boto gehien batuko dituen emakumea.

Eskualdeko alderdiei dagokienez, Plentzia eta Gorlizko Independenteek zein PUM+J alderdiak emakumezko zerrendaburuak aurkeztu dituzte. Kontrako aldean daude Getxo eta Barrikako Independenteak zein PSyV eta Berdeak alderdiak, alkategaia guztiak gizonezkoak dituztenak. Alderdi nagusien kasuan, EAJk ditu emakumezkorik gutxien zerrendaburuen artean, %80 gizonezkoak direla. Atzean, Aralar (%66,67), PSE-EE eta PP (%60) eta Ezker Batua (%57,14) daude. Emakume gehien duena Bildu da, %60rekin.

Araba, Bizkaia eta Gipuzkoa

Udaletarako zerrendetan emakume eta gizonen arteko portzentajea 60-40koa izan behar du, hau da, ezin daitezke sexu berdineko %60 baino gehiago egon edo %40 baino gutxiago zerrendetako bost lekuetako tarteetan (3.000 biztanle baino gutxiagoko udalak agindu honetatik kanpo geratzen dira). Biltzar Nagusietarako zerrendetan, gutxienez %50 emakumeak izen behar dute eta %40 gizonak sei lekuetako tarteetan.

Emakundek egindako azterketaren arabera, Legeak hala eskatzen duen lekuetan parekotasun baldintza betetzen da, baina kokatuak dauden lekuak kontutan harturik, emakume gehienek gizonek baino aukera gutxiago dituzte aukeratuak izateko. Ikerketan ikusten diren joera orokorrak berdintsuak dira alderdi guztietan.

Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako Biltzar Nagusietarako zerrendetan, kasu gehienetan alderdi politikoek zerrendetan emakumeen presentzia %50ekoa izatea bermatu dute, eta kasu gutxi batzuetan portzentaje hori gainditu dute, baina hautagai zerrendetan %50 badira ere, horrek ez du esan nahi gizonen beste aukera dituztela aukeratuak izateko, emakume gehienak zerrendetako lehen tarteko azken bi tokietan dira gehien, hau da, aukeratuak izateko aukera gutxiago dituzte gizonek baino.

Zerrendak modu orekatuan daude osatuak lehenengo sei lekuetako tartean. Zein tokitan kokatuta dauden ikusiz gero, hautagai zerrendetan seigarren lekuan daudenen artean %74,5 dira emakumeak, eta lehen tokian dira gutxien: %40 (55tik 21).

Araban, zerrendaburu modura doazen emakumeen portzentajean, 1etik 5era pasatu dira (15 zerrenda buruen artean), %2,1etik %11,1era pasatuz. Hala eta guztiz ere, zerrendetako lehen tarteko azken bi lekuetan daude gehienak (%46.7).

Bizkaian, gora egin du seigarren lekuan emakumeen presentziak, %85 dira emakumeak, seigarren lekuaren feminizazioa eraginez. Zerrenda buruetan emakumeak %40 dira, 20tik 8. Gipuzkoan, emakumeak ez dira inolako zerrendetan lehen sei tokietako erdia baino gehiago. Bigarren lekuan aldiz, gora egin du emakumeen presentziak (%40a izatetik %55a izatera).

Udalak

Udalei dagokienez, Arabako, Bizkai eta Gipuzkoako datuak kontuan izanik, guztira, zerrendek parekotasuna betetzen dute justu %40an, eta ia alderdi guztiak daude eremu horretan. Orokorrean, zerrendaburuak alde batera utzita, gainontzeko lekuetan parekotasunaren mugaren gainetik daude emakumeak. Oreka gehien bigarren lekuetan dago (%53,9 gizonak eta %46,1 emakumeak), eta joera argi bat dago gizonak zerrendaburu izateko.

Araban, ikertu diren 190 zerrendetatik, 45ek bakarrik (%23,9) dute emakume bat zerrendaburu, eta alderdi batek ere ez du emakumeen %35eko presentzia gainditzen euren zerrendetan. Legeak, Araban, 51 udaletatik lau udal hauetan bakarrik du eragina: Oion, Amurrio, Laudio eta Gasteiz. 313 emakumek zerrendetan betetzen duten lekuari begiratuta, %45,7a hirugarren eta laugarren lekuan kokatzen da, eta zerrendaburu 45 emakume dira, hau da, %14,4.

Bizkaian, zerrendaburu 144 emakume daude (453 lehen lekuetatik), hau da, %31,8. Bakarrik udal batean –Lekeition– ikerketan kontuan izan diren bost alderdiek dute emakume bat zerrendaburu modura. Bizkaian euren zerrendetan emakume gehien dituzten alderdiak PSE-EE eta Bildu dira. Bestetik, gizon baino emakume gehiago dagoen lekua bigarrena da: %55,5.

Gipuzkoan, emakume gutxien dauden lekua lehena da (%28,4), beste herrialdeetan gertatzen den modura. Bestetik, alderdi guztiek betetzen dute parekotasun baldintza euren zerrendetan. Dena den, alderdi guztietan daude gizon gehiago emakumeak baino. Zerrendetan dauden 664 emakumeak bigarren lekuetan dira gehien (%23,3), eta lehen lekuan %13,4.

Udal eremuari dagokionez, aipagarria da udalen bi heren parekotasunaren baldintza betetzera derrigorturik ez badaude ere, zerrenda gehienak betetzen dutela baldintza hori. Emakundek dioenez, "honek erakusten du berdintasun legeak badirela emakumeak zerrendetan sartzeko eragiten duten motorrak, eta baita derrigortuak ez dauden udal txiki askotan emakumeak zerrendaburu izateak baduela zerikusia udal txikiek botere gutxiago izatearekin".

Hiriburuak

Bilbo, Donostia eta Gasteizko zerrendek betetzen dute parekotasun baldintza, baina kasu gehienetan bost lekuetako tartean, bi emakume daude, legeak ezartzen duen gutxieneko baldintza, eta horrek dakar bost alderdietatik hirutan emakumeen presentzia lehen postuetan beherantz egitea. Izan ere, emakume gutxi daude zerrendaburu hiriburuetan (egungo alkateek denek errepikatzen dute hautagai modura).

Horrela, 15 hautagaietatik bietan bakarrik da emakume bat zerrenda-burua (Aralar Donostian eta PP Bilbon), eta, aldiz, bigarren lekuan, emakumeak dira gehienak (%60), 15 hautagaietatik 9 izanik.

Azkenik, 251 alkatetzetatik 23 emakumek eta 97 gizonek errepikatzen dute zerrendaburu bezala. Alkatetzarako hautagai izandako 20 emakumek euren lekua utzi diete gizonezkoei, eta 23 gizonezkok utzi diete lekua emakumeei. Zortzi emakumezko alkatek utzi diote euren lekua beste emakume bati, eta gainontzeko 80 alkatetzatan gizonezko batek utzi dio lekua beste gizon bati.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun