Koldo Tellitu: "Akordioak behar ditugu"

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2011ko mai. 12a, 12:06

Koldo Tellitu - Berria.info] Hezkuntza alorra ez daukagu unerik onenean. Europa zein mundu mailako mota guztietako adierazleek ematen dizkigute aztarnak ondo egiten ari garenaz. Eta, erkatuta, badirudi ez gabiltzala txarto. Baina ohartarazi ere egiten gaituzte nabarmen hobetu dezakegunaz. Etorkizunaren erronkak, gaur bertakoak direnak, jarrera aktiboa, baina bai eta ere tajutua, antolatua eskatzen digu hezkuntza komunitate osoari. Ez gaude horretan. Hori jaso dugu guk behintzat, eta horixe azaldu nahi nuke artikulu honetan. Gure zazpi lurraldeez hitz egin nezakeen. Esan dudanak guztietarako balio zezakeen. Baina oraingoan Eusko Jaurlaritzari dagokion eremura mugatuko naiz. Argazkian, Koldo Tellitu.

Gaur egun gauden legealdira arte behin eta berriz esan izan dugu Eskola Itun baten edo antzerako zerbaiten beharra dagoela. Legealdi hau hasi zenean uste genuen agian ez zela horretarako une egokia. Ez beharrezkoa ez zelako, baizik eta beste burutazio batzuk zirela medio, orain aztertuko ez ditudanak. Hala ere, alorrean gauzatzen den gertakari garrantzitsu bakoitzean berretsi besterik ez da egiten gure ustea.

Hezkuntza sistemaren ikuspegitik ari naiz, ez ikastolen ikusmira propiotik, eta diot hizkuntzen trataera aztertzen dihardugula, aurreko ereduek goia jo dutelako, ezarritako helburuak erdietsi gabe gainera. Curriculuma herri honen ezaugarrietara eta konpetentzietara egokitu beharraz ari gara, horretan batzen gaituzten oinarrizko kontsentsuak zeintzuk diren jakin gabe. Kanpo zein barne ebaluazioko neurketak dauzkagu, eta behin eta berriz uzten dituzte agerian gure ikasleriaren prestakuntzari dagokionez sistemak azaltzen dituen zuloak. Noraezean gabiltza teknologia berrien erabilpenean. Jakitun gara eskolan garatu beharrekoa dela bortizkeria eta Giza Eskubideen gaia, baina aurretik kontsentsurik bilatu gabe egiten dugu. Sistema kontzeptualki berrantolatu beharra dago, gure ustez, hezkuntza zerbitzu publiko bakarrera joko duena, funts publikoekin eutsitako ikastegi guztiekin osatuta, bakoitzaren titulartasunetik at.

Aurreko guztiak hartzen duen tamaina kontuan hartuta, eskola mundu orokorra berrantolatzeko marko zabalean aztertu behar da.

Bestalde, ahotan darabilkigun honek guztiak oso izaera desberdineko dinamikak abian jartzea eskatzen du. Horien artean, besteak beste, desberdinen arteko akordioak jorratu beharra dago. Akordioa eragile sozial eta hezkuntza administrazioaren artean, akordioak hezkuntzako eragileen artean, batzuen eta besteen akordioak sindikatuekin. Eta abar eta abar.

Akordioak behar ditugu hezkuntzaren alorrean herri ikuspegi bat partekatzen dugunon artean, Euskararen aldeko konpromisoa partekatzen dugunon artean, eredu kooperatiboaren eta ekitatearen aldeko eredua partekatzen dugunon artean.

Akordio horien bila esertzen ez garen artean bakoitzak unean-unean jotzen gaituen ekaitzari ahal duen ondoen aurre egiten jarraituko du, eta batzen gaituzten helburuen aldeko jardun partekatuak ezinezkoak izango dira. Ez dago ekiterik bat-batekotasunetik ez itxarote pasibotik. Antolatutako jardun komuna behar dugu, eta horretarako gogoeta partekatua.

Edo hori, edo gaur egun daukaguna. Bakoitza bere aldetik. Ikastolek, esate baterako, sare itunduko beste gizarte eragileekin, akordio bat sinatu berri dugu Eusko Jaurlaritzarekin marko hirueledunaren inguruan. Interesgarria iruditzen zitzaigun frogatzea hain berezia den gai honetan akordioa lortzerik ote zegoen Hezkuntza Saila gidatzen dutenekin. Eta, gure sorpresarako, ikusi dugu erantzuna baiezkoa dela. Hasieran ez zen argi egon hala izango zenik. Berez, batzuk eta besteak jarrera arras desberdinetatik hasi ginen. Ikusi besterik ez dago sare publikorako HMHaren dekretua (Hizkuntza Marko Hirueleduna) eta ikastolak azkenik sinatu dugun protokoloa. Lehenak Administrazioaren abiapuntua azaleratzen du; bigarrena gurera hurbiltzen da.

Euskara babesik gabe geratzeko arriskua ikusten genuen Jaurlaritzaren dekretuan, eta horrek atzera eragiten zigun. Ordez, itunduko protokoloan onartu egin zaizkigu aldaketak guretzat funtsezkoak diren bi ataletan, hau da, hizkuntzei lotutako ordutegia eta helburuak finkatzean, horien lorpen maila ezagutzeko ebaluazioari lotuta. Aldaketa horiei esker, ikastolek jarraitu egin ahal izango dute duela hogei urtetik abian jarrita daukaten eredu eleaniztunarekin. Orain, Hezkuntza Administrazioak ere ebaluatu egingo gaitu.

Eta horra iritsi nahi genuen, ondorengoa baitator gero. Eta ondorengoa, hauxe, ikuspegi desberdinetatik gatoz hemen ere. Hezkuntza Sailak uste du ziurrenik sistemaren saio orokorra dela HMH, oraindik indarrean dauden ereduen ordezkoa finkatzeko. Uste dugu onartutako dekretuarekin eta guk sinatutako protokoloarekin, hasteko, HMH bat baino gehiago dagoela. Gure aburuz, bestalde, horrek esperimentazio prozesu bat ireki besterik ez du egiten, ondorengo emaitzak kontuan hartu beharko direlarik egungo hizkuntza ereduen sistema ordezkatzeko.

Hobeto ulertuko da agian gure zuzendariak, Imanol Igeregik, prentsako elkarrizketa batean esandakoa aipatzen badut. Berak zioenez, aurreikusitako ebaluazioak, hasierakoa bat eta urterokoa bestea, «adieraziko digu zein den hiru eleko hezkuntzan aurrera egiteko hizkuntza abiabidea eta horren arabera marraztu ahal izango da egungo hizkuntza ereduen ordezkoa». Honela zioen elkarrizketa berean: «Jarraipen batzorde bat izango da, eta bertan alde desberdinek parte hartuko dugu. Datuen interpretazioa denon artean egingo dugu, ez bakarrik Hezkuntza Sailak. Gainera, euskaran, gazteleran zein ingelesean argazki lainotsua agertuko duten ikastegiek hobekuntza neurriak ezarri beharko dituzte».

Hitz horietan, gutxi gorabehera, sinatu dugu protokoloa. Egin dugu, eta ez bihotzeko minik gabe, ahaztu gabe Hezkuntza Sailak sare itundu guztiari eragin digun nahastea, irakasleen soldatak aldebakarki moztu ondoren. Horrek ondorioak izango ditu oraindik, baina kasu bat zein bestea unean uneko gertakariak besterik ez dira, garrantzi handikoak, hori bai, baina idatzi honen hasieran aipatu dudan bezalako marko zabal batean kokatu behar ditugunak.

Orain egiaztatu egin nahi dugu Hezkuntza Sailak akordiorako jarrera berarekin erantzuten digun, ikastola taldeari eragiten dioten zenbait gaitan. Laster jakingo dugu. Baina agerian utzi nahi dugu, beste edozeren gainetik, gure jarrera, ez bakarrik irekia, baizik eta batez ere aktiboa dela, guztiz beharrezkoak diren gerturaketen alde saiatzeko, arestian aipatutako helburuak partekatzen ditugunon artean. Gure etorkizun komuna dago jokoan.

Koldo Tellitu Ikastolen elkarteko lehendakariak gaur "Berria" egunkarian argitaratutako artikulua
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun