Leioako Udaltzaingoak T.J.M. inizialak dituen Bilboko gizonezkoa atxilotu zuen atzo gauean, Ertzaintzaren elkarlanari esker, Udondoko Bulebarreko taberna batean ostu duelakoan. Ustezko lapurrak aurrekari polizialak ditu delitu berberengatik zein familia gatazkengatik, tokiko iturriek nabarmendutakoaren arabera. Hurrengoko orduetan epailearen aurrean izango da, lokal baten ustezko lapurreta egiteagatik akusatuta. Goizaldean, bostak inguru, Udondoko Bulebarreko herritar batek Udaltzaingoari deitu zion zonaldeko taberna bateko kristala apurtuta zegoela eta barrutik gizon bi korrika irten zirela ohartaraziz. Leioako Udaltzaingoak, Ertzaintzaren laguntzarekin, zaintza lanak egin zituzten inguruko kaleetan, eta azkenik, Mendibilbarri biribilgunean atxilotu zuten susmagarria. Bilboko herritarrak ustez tabernatik harrapatutako txanpon kopuru handia zeraman gainean atxilotua izan zenean, eta horretaz gain ezkerreko zangoan zauria zuen, dirudienez tabernatik irteterakoan apurtutako kristalarekin egindakoa; beti ere udal iturrien arabera.