Kiroldegiaren sagaian lorategiez hornitutako plaza jarri nahi dute, beirateen bitartez argi naturala barruraino sartzea ahalbidetzearekin batera. "Gauzak horrela, herrigunean bertan aisialdirako guneak handiagotuko ditugu, berangoztarren bizi kalitatea handituz", aipatu du Landak. Gaineratu duenez, kanpoko pasabideekin eta igogailu batekin gaindituko dute "oinordetzan hartutako" oztopo arkitektonikoa. Kirola egiteko esparruei dagokienez, igerileku klimatizatuak, gimnasioa eta erabilera anitzerako aretoak jarri nahi dituzte. Horretaz gain, "herrigunean kultur ekitaldi gehiago egin ahal izateko guneak" ere izango dira, EAJko alkategaiaren hitzetan. Hainbat lokal jarri nahi dituzte eraikinean; tartean, ostalaritza establezimendua.
Jarduera ekonomikoa sustatzeko
Landaren iritziz, ekipamendu gehiago jartzeaz gain, Berangoko herriguneko jarduera ekonomikoa sustatuko dugu". Are gehiago, "enplegua sortzeko" asmoz, ekonomia jarduerari bultzada berria emateko "ardatz nagusitzat" jarri du Sabino Arana kaleko kiroldegiaren egitasmoa EAJren hautagaiak. "Ez da proiektu isolatua, hirigintza egitura kohesionatzeko beste elementu bat gehiago baizik; Sabino Aranan bulebarra sortuz, aparkaleku kopurua areagotuz, aipatu zonaldeko merkataritza sustatuz, eta Arabeta eta Mimenagan industria jarduera bultzatuz hobetuko duguna", adierazi du Landak. Horretaz gain, auzo ezberdinak lotzeko garraio zerbitzua jarri nahi dute.