Bizkaiko Eskolak jardunaldia goizeko 10:30ean hasiko da eta bi jarduera izango ditu. Alde batetik, 1.500 metroko zirkuitu batean lasterketa egingo dute, Krutzejada eta Antsonekoa inguruan. Adinaren arabera, parte-hartzaileek itzuli kopuru jakin bat egin beharko dute: txikienek, bi itzuli; lehen urteko kimuek, hiru; bigarren urtekoek; lau; lehen urteko haurrek, zazpi aldiz; eta, azkenik, bigarren urteko haurrek zortzi itzuli. Hasiera batean, neskak mutilekin batera arituko dira. Hala ere, antolatzaileek jakinarazi dutenez, neskentzako lasterketa propioa egiteko prest daude, adin-tarte bakoitzean izena emandako neska kopuruak horretarako aukera ematen baldin badu. Lasterketa hasi baino ordubete lehenago, 9:30ean, eman ahal izango da izena, Urdulizko Adintsuen tabernan.
Bigarren jardueran parte hartzen dutenek, bizikleta gainean, hainbat trebezia proba egin behar izango dute. Hau da, beste zenbait jolasen artean, ginkana bat egingo dute, neska-mutilek euren abilidadea erakusteko bi gurpilen gainean. Jolas horiei esker, eskola-umeek psikomotrizitatea eta koordinazioa landu ahal izango dute.
Punta Galea Txirrindularitza Elkarteak eta Urdulizko Udalak txirrindularitzarekin konpromiso sendoa dutela azpimarratu nahi izan dute. Izan ere, urtero hiru lasterketa antolatzen dituzte herrian. Bizkaiko Eskolak jardunaldiaz gain, txirrindulariek beste bi hitzordu dituzte herrian: kadete mailako Bizkaiko Txapelketa, uztailean egiten dena; eta 23 urtetik beherakoen kategoriako lasterketa, irailean egiten dena. Azken proba hori Andra Mari egunean izaten da, irailaren zortzian, Urdulizko jaietako egunik garrantzitsuenean.