Berangoko Bilduk ekitaldi nagusia egingo du larunbatean udal pilotalekuan, eguerdiko ordu batean. Koalizioko kideen hitzetan, "Udalak jarritako trabek ezin izango dute herri honetan Bilduk sortu duen ilusioa gelditu". Salatu dutenez, Anabel Landak alkate jelkideak udal eszenatokia eta musika-ekipoa erabiltzeko eskubidea "galarazi" die. "Aipatutako herri-eszenatokia eta musika-ekipoa herriko kultur eta gizarte taldeek erabiltzen dute inolako arazorik gabe euren ekitaldiak antolatzeko. Herritar guztiena den ekipamendua berea dela uste du Berangoko EAJk", adierazi dutenez. Berangoko Bilduren ordezkariek ohartarazi dutenez, "alferrik ari dira trabak jartzen. Herri honetan sortu den ezkertiar eta abertzaleen olatua ez du alkatearen erabaki batek geldituko. Are gutxiago. Honek argi uzten digu,
Lantzarteko zelaiaren ezohiko udalbatzarekin bezala, Berangok aldaketa behar duela". Argazkian, Bilduk Berangon aurkeztutako hautagaiak / cc-by-sa Bildu.