Leioako Udalak maiatzaren 12tik 15era
Umore Azoka antolatu du herrian. 51 ikuskizun egongo dira 4 egunetan zehar eta horietatik 2 bakarrik dira euskaraz. Ez da kasualitatea, ez. Leioako Udalak duen euskara politika hutsaren urrena da eta antolatzen dituen ekimen guztietan horrela adierazten du. Leioako euskaldunok bigarren mailako herritarrak gara Udalarentzat, ez dugu gure hizkuntzan jarduteko eskubiderik herrian eta Udalak herritarron diruez baliatuta, euskaraz aritzeko eta bizitzeko eskubidea ukatzen digu. Leioan euskaraz bizitzeko eskubidea ukatzen zaigu herritar orori. Umore Azoka antolatzeko Udalak 350.000 euroko aurrekontua du, eta horietatik 245.000 euro hartu ditu bere gain. 51 ikuskizun horietatik 12 dira bakarrik euskal konpainiak eta horietatik 2 antzezlan bakarrik izango dira euskaraz, alegia, %4. Are gehiago, euskarazko ikuskizun horietan 9.800 euro gastatuko ditu Udalak, aurrekontuko 350.000 eurotatik. Argazkian, iaz plazaratutako ikuskizunetako bat / © Umore Azoka.