Eusko Jaurlaritzak Uribe Kosta-Butroe eremua biotopo babestua izendatu ez dezan, "PSE-EErekin negoziatzen aritzea" leporatu diete Josu Madariaga Ingurumen diputatuari eta Unai Rementeria EAJren Bizkaiko Buru Batzarreko kideari zazpi talde ekologistek. Naturalistek atzo zabaldutakoaren arabera, aipatu jelkide biak babestutako guneak hartuko lituzkeen lurren jabeekin bildu ziren urtarrilaren 14an, Barrikako udaletxean, EAJren tokiko Uribe Buru Batzarreko presidenteak deituta. "Bileran, PSE-EErekin dituzten negoziaketen berri eman zieten. Horretaz gain, biotipo izendapena bertan behera uzteko akordioetara heltzeko aukera egon daitekeela iragarri zuten", salatu dutenez. Hori dela eta, "negoziaziorik dagoen ala ez publikoki argitzeko" eskatu diote PSE-EEri ekologistek. Bestalde, gogoratu dutenez, Unai Rementeria berriro Mundakako alkate izateko aurkeztu du EAJk eta, foru hauteskundeetan, zerrendaburua da Busturia-Uribe barrutian. Eusko legebiltzarkidea ere bada. Argazkian, 2010eko urrian Uribe Kosta-Butroe eremua biotopo babestua izendatzea eskatu zuten ekologistek.
HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.
Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!