Ekonomiari bultzada eman eta lanpostuak sortzeko gakoa "berrikuntza eta erakunde publiko zein pribatuen arteko lankidetza" direla adierazi du gaur Jose Luis Bilbao berriro Bizkaiko ahaldun nagusi izateko
EAJren hautagaiak. Areetako Zugatzarte Etorbideko Bake Eder eraikinean egindako
ekitaldian,
Imanol Landa hautagai getxoztarra izan du lagun; baita Ana Madariaga Bizkaiko Batzar Nagusietako presidentea eta Andoni Ortuzar Bizkai Buru Batzarreko presidentea ere. “Gure helburuaren oinarrian dago gaur ereitea biharkoan batzeko. Gaurko ogia bilatzea, baina baita biharkoa ere. Martxan jarri genituen ideiak, egitasmoak eta ekimenak, apurka-apurka gauzatu dira”, adierazi du Bilbaok. Horren adibide bezala jarri ditu, besteak beste, Plentziako Itsas Estazioa eta Bake Ederren bertan dagoen BiscayTIK zentroa. Iritzi berberekoa da Landa. Ahaldun nagusiak emandako adibideez gain, beste hainbat aipatu ditu alkategai jelkideak: Areetako azoka zaharreko Enpresa Teknologikoen Mintegia, Fadurako ostalaritza zentroa nahiz txikigunea, Lantegi Batuak erakundearen Getxoko zentroa... Eta, aurrera begira, Martiturrin aurreikusita dagoen jarduera ekonomikoa sustatzeko parkea. Argazkian, EAJko kideak Bake Eder inguruan / © EAJ.