Etzi, igandearekin, Bizkaiko Dantzari Eguna ospatuko dute Getxo udalerrian. Orotara, mila dantzari inguru elkartuko dira, antolatzaileen arabera. Horrenbestez, kalejira 10:45ak aldera hasiko da Algortako Telletxe plazan, Faduraraino heltzeko; Telletxe, Sarrikobaso, Salsidu etorbidea, Villaondoeta eta Makaleta etorbidea zeharkatuz. Dantzen erakustaldia 11:30etik 13:30era egingo dute, Fadurako rugby zelaian. Hori bukatuta, garraio berezia jarriko diete dantzariei Getxo aldera joateko. 14:00etatik 21:00etara sei autobusek egingo dituzte Andra Mari eliza ingurua eta Fadura arteko bidaiak. Getxon, Luhartz taldearen erromeria izango dute dantza taldeetakoek, 17:00etatik aurrera, San Isidro jaiekin bat eginez. Aipatzea, Bizkaiko Dantzari Eguna dela eta, Algorta eta Getxon zirkulazioa bideratzeko dispositibo berezia ezarriko duela igandean Udaltzaingoak. Horrekin, udalerrira helduko diren autobusen eta autoen joan-etorriak erraztu nahi dituzte, tokiko arduradunek aipatu dutenez. Argazkian, Itxas Argia taldeko hainbat dantzari / cc-by Egizu Getxo Euskaldun!.
HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.
Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!