Antxeta irratia bultzatzen duen Pausu Media elkartea ere, bazkidetu egin da. Era honetan, lehenengo aldiz, Topagunea Lapurdira eta Ipar Euskal Herrira zabaldu da, Pausu Mediak, besteak beste, Biriatu eta Hendaia herrietan lan egiten baitu.
Heldu beharreko erronkak
Euskara elkarteen mugimenduak jarri dituen erronka berriei nola heldu izan dute eztabaidagai gaur goizean Topaguneko kideek. Izan ere, azken urtean zehar egindako gogoeta prozesuaren ondorioak onartu ziren otsailaren bukaeran egindako kongresuan eta lan-ildo berriak zabaldu zaizkio mugimenduari Kongresuaren ondoren.
Euskal Herriko 96 euskara elkarte batzen dituen federazioak 20.000 euskaldun baino gehiago biltzen ditu bere baitan.
2010 urteko jardueraren balorazioa egiteko baliatu da batzarraren lehen zatia. Balorazio horretan bi ardatz nabarmendu dira. Batetik, euskara elkarteen mugimenduak azken urtean zehar egindako gogoeta eta Kongresua gizarte mugimendu honentzat mugarri modura baloratu da. Parte hartze zabalarekin burutu den gogoetak mugimenduaren hurrengo urteetarako norabidea zehazteko baliagarria izan dela azpimarratu da eta 2011n bertan erronka berrituei heldu zaiela azaldu du Jasone Mendizabal zuzendariak. Bestetik, 2010 urtea etorri berriak euskarara hurbiltzeko Auzoko egitasmoari bultzada emateko urtea izan dela azpimarratu da eta egitasmoaren balioa nabarmendu da. Izan ere, sei herritan abiatutako egitasmoak herriotako herritar euskaldunak eta herriotara heldu berri diren eta euskara ezagutzen ez dutenen artean harremana sortzeko balio izan duela ikusi da. Hurrengo urtetarako ere egitasmo honi bultzada eta zabalkundea ematen jarraituko du Topaguneak.
2011 ekitaldirako erronkak ere azpimarratu ditu Topaguneko zuzendariak Batzarrean. Mugimenduaren gogoetan landutako lan-ildoei jarraituz, pentsamendua garatzeari eta mugimendu barruan transmisioa lantzeari arreta berezia eskainiko dio federazioak hurrengo hilabeteetan, baita herriz herriko euskara elkarteekin batera lan ildo berriak martxan jartzeari ere.
Topaguneko Batzar Nagusia iruditan (cc-by-nc-sa Topagunea)