Bihar, astelehenarekin, Bertsolari Gaztetxoen XI. Eguna ospatuko dute Areetako Andres Isasi Musika Eskolan, goizeko 10etatik aurrera.
Algortako Bertsolari Eskolak (ALBE) antolatuta, neska-mutilek ikasgeletan "Zer eskatuko zenioke zure herriko alkateari?"gaiari erantzunez landutako zortziko txikiak botako dituzte. Aipatu jarduera Beñat Vidalek eta Nahikari Ayok aurkeztuko dute eta 296 ikaslek parte hartuko dute. Ohi bezala, Balendin Txiki Bertso-paper lehiaketaren sari banaketa eta bertso saioa egingo dute. Sariketaren bosgarren edizio honetan, Arrate Illaro, Onintza Enbeita eta Ander Solozabal bertsolarien eskutik izango dira bertsoak. Ekitaldian, Getxo udalerriko hiru bertso-paper hoberenak eta eskola bakoitzeko bi onenak sarituko dituzte. Guztira, zazpi ikastetxek hartu dute parte ekimenean: Andra Mari, Geroa, Gobela, Romo, San Nikolas, Zabala eta Zubileta. Argazkian, Getxoko Bertsolari Gaztetxoen Eguna, 2009an / © ALBE.