Bortxaketa saiakera bat salatu du Itzubaltzetako Emakume Gazteon Asanbladak

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2011ko mai. 15a, 23:20

Azken boladan Itzubaltzeta / Romoko hainbat emakumezkoek sexu erasoak jasan dituztela salatu du azken egunotan Itzubaltzetako Emakume Gazteon Asanbladak (IEGA). Kolektibo horrek auzokideei helarazi dien oharrean irakur daitekeenez, aurten "neska gazte batzuk jazarpenak jasan dituzte eta beste neska gazte batek bortxaketa saiakera bat sufritu du". Halere, feministek ez dute erasoen gaineko zehaztasunik eman. Egoera horren aurrean mobilizazioak abituko dituela jakitera eman du IEGAk, baina ez du oraingoz deialdi finkorik bota. Bitartean, emakumeen eskubideak auzokide guztien artean bermatzera deitu dute. Argazkian, iazko uztailaren 11n izandako bortxaketari 350 bat auzotarrek erantzun zioten elkarretaratzea eginez.

Itzubaltzetako Emakume Gazteon Asanbladak Itzubaltzeta / Romoko postontzietan banatutako oharra

Itzubaltzeta / Romoko auzokideei:

Itzubaltzeta / Romoko Emakumeon Asanblada gara. Zuei zuzentzen gatzaizkizue gure herrian azken aldi honetan emakumeon aurka eman diren gertakariak salatzeko.

Igaro den urtean, gure herrian, bortxaketa bat eman zen, atari ilun batean, emakume bat erasotua izanik. Egia da hurrengo egunean herria kalera irten zela, kontzentrazio baten bitartez erasoa salatuz. Baina, zoritxarrez, aurten eraso gehiago eman dira: neska gazte batzuk jazarpenak jasan dituzte eta beste neska gazte batek bortxaketa saiakera bat sufritu du.

Argi dago eraso hauen aurrean herriaren babesa eta erantzuna haratago joan behar direla, hitzetatik ekintzetara pasatuz.

Emakumeok gure herrian lasai, eroso eta berdintasunean bizi nahi dugu. Bermatu ditzagun guztion artean emakumeon eskubideak!

Adi egon mobilizazioetara eta parte hartu!

Itzubaltzetako Emakume Gazteon Asanblada (IEGA)
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun