Loroñok adierazi duenez, "Cinegourland, Udalak bere irudia kanpora begira bultzatzeko plataforma garrantzitsuenetako bat da. Ekitaldi honek, zinema eta gastronomia bezalako bi arte handi batzeko aukera emateaz gain, hainbat iritzi-emaile erakartzen ditu gure udalerrira. Aurrekoetan, ohiko eremuko nahiz Interneteko 110 hedabide baino gehiagotako zinema eta gastronomia kritikariek jaialdiaren berri eman zuten. Getxo hiri erakargarritzat hartu eta era horretan helarazi zuten". Bestalde, komunikazio zinegotziak gaineratu duenez, “Getxo kanpoan saltzearekin batera, ostalariek, merkatariek eta herritarrek Cinegourlanden parte hartzea ere nahi dugu eta lortzen ari garelakoan nago besteak beste, Zinemako Pintxoak edo Beren Txokoen Sekretua lehiaketekin".
Proiekzioak eta eztabaida
Hilaren 26an, ostegunarekin, Imanol Landa Getxoko alkateak eta Pepe Barrena ekimenaren zuzendariak jaialdiaren inaugurazio-ekitaldia egingo dute arratsaldeko 6etan, Areetako Andres Isasi Musika Eskolan. Ondoren, "Tetra" izeneko dokumentala proiektatuko dute eta, horren ostean, “Como triunfar en el negocio de la restauracion” gaiari buruz eztabaidatuko dira. Hitzaldia Mikel Zeberio kritikariak zuzenduko du eta Onda Ceroko irratsaio batean zuzenean emitituko da. Gaurdian, 80ko hamarkadako “Hay una chica en mi sopa” film mitikoa eskainiko dute.
Hurrengo egunean, ostiralarekin, “Big night” filma proiektatuko dute, 20:00etan. Bertan oso ondo ez dabilen jatetxe baten jabeak diren bi anaien istorioa kontatzen da. Gainera, ostegunean nahiz ostiralean, udalerriko ikasleek “Ratatouille” filma ikusi ahal izango dute, 11:00etan.
Azkenik, hilaren 28an, Daniele Thompson zuzendariaren "Cena de amigos" komedia frantsesa estreinatuko dute, 22:30ean. Filma ikustera doazen guztiek errezeta-liburu bat jasoko dute. Film guztiak ikusteko gonbidapenak behar dira. Horiek tokiko txarteldegian edo Algortako zein Itzubaltzeta / Romoko kultur etxeetan jaso daitezke.
Gastronomia ekitaldiak
Ostegunean, hilak 26, 21:00etatik aurrera, sardina-jana eta "El Sireno" izeneko pintxoa doan dastatzeko aukera egongo da Algortako Portu Zaharrean. Larunbatean, berriz, udalerriko taberna eta jatetxeek zein gastronomia elkarteek “Zinemako pintxoak” eta “Bere txokoen sekretua” lehiaketetan parte hartuko dute, hurrenez hurren. Azken horretan, bakailao pil-pil erara prestatu beharko dute. Horrekin batera, "De cine" izeneko azoka eta kontzertua egongo da, The Hot Wok taldearen eskutik.
Bestalde, “Cinefilos & Gourmets” sari-banaketako festa ostiralean, hilak 27, egingo dute Areetako San Joseren jauregian. Aurten sarituak honako hauek izango dira: Yvone Blake, Isabel Prinz, Sancho Gracia eta Javier Merino aktoreak, Patricia Gaztañaga aurkezlea eta Aitor Elizegui sukaldaria.
Aurkezpenaren bideoa: