Benito del Valle ETAko fundatzaileetako bat hil da

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2011ko mai. 17a, 12:30

Jose Maria Benito del Valle Larrinaga zendu zen pasa den igandean Algortan. Benito del Valle Ekin eta Euskadi Ta Askatasuna erakundeetako sortzaileetariko bat izan zen 1952an eta 1958an, hurrenez hurren. Hileta gaur egingo du sendiak, Bariko San Nikolas elizan, Algortan, arratsaldeko 7etan. Julen Madariaga edo Jose Luis Alvarez "Txillardegi" unibertsitate ikasleekin batera, Benito del Vallek Ekin isilpeko erakunde politiko abertzalea sortu zuen 1952an, nahiz eta lehenengo bilerak 1946an burutu. Taldearen xedea euskal kulturaz eta arazoaz kontzientziatzea eta heztea zen. Frankismoaren aurkakoak, ez zuten begiko garaiko EAJren pasibotasuna. Gazte asko erakarri zituztela ikusita, EAJ mendean hartzen saiatu zen eta 1955an EGI eta Ekinen batasuna sustatu zuen, emaitza Euzko Gaztedi izan zela. Argazkia: cc-by-nc-sa Basajaun.

Baina, alderdiarekiko desadostasunak zabalduz zihoazen eta Jose Antonio Agirre lehendakariaren bitartekotzak ere ez zuen afera konpondu. Gauzak horrela, 1957an hainbat lagun kaleratu zuten Euzko Gazteditik, tartean Benito del Valle. Horren aurrean, dozenaka lagunek erakundea utzi eta proiektu politiko berria eratu zuten: Euskadi Ta Askatasuna (ETA).

1958. urtearen bukaeran Jose Luis Alvarez Enparantza "Txillardegi"-k, Benito del Vallek, Julen Madariagak eta Iñaki Larramendik Deban eginiko bileran, Txillardegik proposatuta, ETA izena jarri zioten erakundeari, ATA (Aberria Ta Askatasuna) izena jartzea ere pentsatu zuten, baina bizkaieraz "ahatea" esan nahi duelako baztertu zuten.

Taldeko zuzendaritzako hasierako partaideak Eneko Irigarai, Lopez Dorronsoro, Alvarez Enparantza, J. Manuel Agirre, Patxi Iturriotz Julen Madariaga eta Benito del Valle bera izan ziren. 1960an, Francoren poliziak lehenengo atxiloketak egin zituen eta uztail hartan hasi zen erakundea ekintza armatuak egiten: Francoren gudari ohiez betetako tren bat burdinbidetik ateratzen saiatu zen, baina ez zuen lortu. Ekintzak huts egin arren, atxiloketa ugari izan zen eta baita Ekineko hainbat kide hiltzeko saiakerak, ETArekin zer ikusirik ez zuen Javier Batarrita Lube motor enpresaren zuzendaritzako kidea erail zutela. Benito del Valle, Madariaga, Irigarai eta Elosegi ihes egin zuten. Benito del Vallek muga pasatu eta Ipar Euskal Herrian finkatu zen. "Branka" aldizkarian parte hartu zuen.

Bitartean, CINSA enpresa sortu zuen Xabier eta Joseba Gereño, Jose Manuel Nicolas, Luis Varela eta Luis Benito del Vallerekin. Enpresa horren bidez, frankismo garaian, liburu batzuk eta 53 disko argitaratzea lortu zuten, tartean egun Algortan bizi den Bittor Egurrola kantautorearen bi disko.

1964an Frantziak kanporatu zuen eta 1967an, ETAren V. Asanbladak marxismoa hartu zuen erreferente ideologikoa eta horrekin desadostasunean, Euskadi Ta Askatasuna utzi zuen, "Txillardegi" eta Xabier Imazekin batera.

Lan askoren egilea izan zen, "La autogestion en Yugoslavia" edo "Los consejos obreros en Checoslovaquia" bezalako saiakerak idatzi zituela.

"Anaitasuna" aldizkariak 1978ko 354. zenbakian Jose Maria Benito del Valle Larrinagari egindako elkarrizketa (© Anaitasuna)

Jose Mari Benito del Valle. urte. Beste askoren artean bere bizitzaren zati handienetako bat Euskal Herriaren alde emana. Lehenik EKIN mugimenduan, gero ETAn, barruan eta exilioan. ETAtik irtetean BRANKA aldizkariaren inguruan ibilitako bat izan zaigu. Lan askoren egilea, "La autogestión en Yugoslavia", "Los consejos obreros en Checoslovaquia"... etab. dugu Jose Mari. Hogeita hamabi urterekin ikasi zuen euskara. Orain, bere hizkuntza eta bere etxeko guztien hizkuntza bihurtu da.

Ideiak... betikoak. Orain arte inongo alderdiek praktikatzen dituztenak. Joxe Marirentzat, gauza guztien gainetik Aberria dago. Denon arazoa den askatasun nazionala da berarentzat lehendabiziko ideia, lehen helburu nagusiena. Ideia hauei amorruz loturik jarraitzen dizkio.

— Noiz hasi zinen Euskal mugimendu baten barruan lan egiten?

— Nire lehen eginkizunak 1946.ekoak izan ziren. Bilboko inginadoreen ikastetxean. Hor eratu zen nolabait geroago EKIN izango zena.

EKINentzat Euskal Herria beste edozein herriren modukoa da. Horregatik gure hizkuntza erabiltzeko eskubidea, gure kultura eta legeak egiteko eskubide guztiak dauzkagu. Herriak antolatzen duen ekonomia eta hemendik sortzen diren estrukturaketak, gure modura, herriak nahi duen gisa egiteko eskubidea dugu. Gure burrukarako motorea orduan kontzeptu etniko batetan egon da. Kontzeptu honek euskara erabiltzen eta ikasten bultzatu gintuen. EKINen erkide guztiek euskara ikasbeharra zuten eta garrantzi bera ematen zitzaion bai propagandari, bai kulturari, bai militante formazioari. Denboraz, gure Herria ere arduratu egin da hizkuntz arlo horietan. Gu baino lehen jende asko ibilia dago hortaz. Baina mugimendu politikoak ez.

— Eta PNV ez ote zen arduratu?

— Errealitatea hor duzu. Gerra denborako leaderren seme-alaba gehienek ez dakite Euskal Herriaren hizkuntza. Bai... euskara oso ederra zela zioten. Errebindikazio politikorako erabilitako tresna bitxia. Gure nortasunaren erakusgailu bat. Sekula ez gure nortasunaren adierazpidea. Hortaz, errudunak dira. Gaur seriostasun pixkat gehiago dago.Ez askoz gehiago, baina lehen baino gehiago bai. Hor dituzu ikastolak. Honek poz handia ematen digu EKINen egon garen guztioi.

— Eta nola sortu zen ETA?

— 1955. urtean PNVko Eusko-Gaztedik gurekin harremanetan sartu nahi izan zuen. PNVkoekin iskanbilak ez sortzeko goi-mailakoekin harremanetan sartzea pentsatu genuen. PNVkoek aldiz, eze EKIN mugimendua deuseztatu nahi izan zuten EKINetik baliotsuenak edo eta "erabilgarrienak" besterik salbatuz. Gero, politika hau ezin izan zitzaketen praktikara eraman,

Azkenez, E.G. eta Ekin batu egin ziren. Gero gu E.G.tik espulsatu nahi izan gintuzten PNVko zuzendaritzakoek. Eusko-Gaztedi sakabanatu zen eta hortik 1959. urtean ETA jaio zen. 1960. urterako 300 militante ginen. Baina jaiotze honek bere mina ere ekarri zigun. PNVko jendea herriz herri hasi zen gure egiazko izenak ematen, haiekin geratu zirenek nortzu ginen gu jakin zezaten. Eta ongi ikasi zuten... PNVko eusko gaztediren zati bat polizien eskuetan erori zenean, gure izenak, ETAko askoren izenak, polizien eskuetan ere erori ziren. Salhaketa honen ondorioa 1960. eta 61.etan gertaturiko erortzeak dituzu. Orduko arazoak gogoratzean, garai hartako esamesak burura etortzen zaizkit. Zera genioen guk: Zer pentsatuko zukeen jende honek gutaz, guk ere beraien antzera beren izenak poliziei salhatuz gero?

— Eta zeintzu ziren orduan ETAren muga ideologiko eta helburuak urte haietan?

— Gu ginen orduan nazional askatasunerako mugimendu bat. Geroz, eta zuk ongi dakizunez, ETA erdibiditu zen. Zuzendaritza guztia sozialista eta federalista izan arren, beste ia guztiak marxismoaren bidetik abiatu ziren. Ni ez naiz marxista. Niretzat marxismoa eta federalismoa ez dira elkar konpontzen eta gainera ez dira sekula konpondu ETA marxista eta leninista bihurtuz, gu atera egin ginen.

— Zer da zuretzat orduan federalismoa?

— Federalismoa autogestioa da. Federalismoa ez da bakarrik Suitzan egiten dena. Terminologia aldetik ez dugu bera erabiltzen. Oinharriak bere egiazko partea daukanean orduan federalismoa sortzen ari da. Ikastoletan, entrepresetan, unibertsitatean bizitzarako maila guztietan herri aginte bat lortzea da niretzat federalismoa. Marxistak ez garenez, marxista asko ibili da esaten gure autogestio hau horia eta sozialdemokrata zela. Sozialdemokrata da gizarte kapitalista bat osotu eta hobeagotu egiten duena, ez benetako sozialismo humanista eta autogestiogilea egin nahi duena. Azken gizarte honek kapitalismoa deuseztatzen du. Federalismoan betebeharrak behekoek goikoei ematen dizkiete eta azken hauek komunitatearen aurrean erantzuleak dira. Federalismoak boterearen zatiketa bat dakar. Erakunde asko dago. Partaide askok boterearen parte bat daukate baina ez dago botere kontzentraziorik. Federalismoaren bidea luzea izanen da. Zentralismorantz bultzatu gintuzten indarrak milaka urtetan egon dira munduan. Esan liteke heredentziaz eta animaltasunaz, gizonok estrukturaketa erdirakoia lortu dugula. Estrukturaketa federalista inteligentzia sortzen ari da eta gero eta gehiago eboluzioa federalismoan oinharrituko da.

ETAkoek burruka harmatua eta ez harmatua antolatu nahi izan genuen. Burruka ez harmatua gauza askotan datza. Gogoaren burruka da. Adibide batzu emango dizkizut. Zergak ez dira pagatzen. Aginduak ez dira betetzen. Hemen erosteko, eta han ez erosteko kanpainak egiten dira. Baina hau programatua izan beharko zen. Honelako ekintzok manifestaldiak baino askoz garrantzitsuak dira. Azken batez, daukagun "demokrazia" honetan manifestaldiak jai eta prozesio bihur daitezke. Burruka hau ostera, askoz erantzulegoa da. Gure orduko helburua bestela, Euskal Herriaren askatasun nazionala zen. Askatasun soziala beste gauza bat duzu, gizona. Nik ez dut esaten alderdiek hontaz ezer egin behar ez dutenik. Ez, baina beste gauza bat duzu hori. Oraingo zatiketak hemendik datozkigu. Sozial arazoari buruz ados ez gaudelako.

... Euskal Herriak edozein herrik bezala, botere politiko bat behar du. Euskal Alderdi abertzaleak minimo baten inguruan, hau da Fronte Nazional baten inguruan, batu behar ditugu. Minimo hori da enetzat fronte nazionala.

— Nola ikusten duzu oraingo egoeran Fronte nazional hori?

— Orain ez da ezer ikusten hortaz. Horregatik desegiten ari gara. Ez gara inora joango. Nafarroa kendu nahi digute. Gero Arabaren ordua izanen da. Gero, zergatik ez, Enkartazioak eta Karrantza. Dena desegin arte. Jakina, Euskal Iparraldea ere, ez zait ahaztu.

— ... Baina politikan konpromezuak daude, atzeraka eta aurreraka ibiltzen da.

— Bai, ados nago. Gu behintzat ez goaz aurreraka. Gauza batzu ez dira negoziagai. Aberria ezin da saldu. Ez da saltzen Nafarroa. Saltzen baduzu hizkuntza ere salduko duzu. Ekonomia salduko duzu. Azkenez karlistada bat eginen duzu. Lehen bezala, orain bezala, eta karlistadak egiterakoan, ez duzu harmarik behar. Hauteskundeetan ere karlistadak programatzen dira.

— Orduan zure ustez zer egin beharko genuke euskaldunok?

— Ni ez naiz profeta edo adibinoa. Hala ere, minimo baten inguruan batu. Gero denok batera jokatu. Abertzaleok esan nahi dut. Beste batzu gurekin ados badaude, kontuz, baina hobe. Gobernuak guk proposatzen duguna onhartzen ez badu, ba ez hartu batere, hobe da. Guk ez badugu ezer hartzen denentzat, Estatuentzat ere txarra izango da. Ikusiko duzu azkenean nola onhartuko duten. Euskal unibertsitaterik ez?... ba ezetz!... Ez Araban, ez Bizkaian ez inon.

T. Trifol
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun