Maria Rosario Arrue Bergaretxe, Gorlizko zinegotzi popularra, alkategaia eta Marisa Arrueren ahizpa zendu da.
"El Mundo" egunkariak zabaldu duenez, Arrue pasa den gauean hil da, 75 urte zituela, birikietako minbiziak jota, Marisa Arrue bere ahizpak eta Getxorako alkategaiak duen "gaixotasun bera". Albistea Antonio Basagoiti EAEko PPren presidenteak eman du gaur goizean, Getxoko Galea inguruan Marisa Arruerekin batera egindako ekitaldian. Basagoitik bere babesa adierazi dio Arrue sendiari eta Rosario ahaztuko ez dutela agindu du: "Beti egongo gara berarekin, inoiz ez dugu ahaztuko. PPk bere espiritua eta grina euskal politikan mantenduko du". Era berean, Mariano Rajoy PPko presidenteak telegrama baten bidez bere dolumina agertu dio Marisa Arrueri eta bi ahizpek EAEren eta Espainiaren onerako egindakoa gogoratu du. Popularren arabera, Arruek "erabateko sintonian" egin du lan udaletxean Gorlizko Independenteen Gobernuan, Gizarte Zerbitzuen Arloan. Horrek bultzatu zuen berriro ere hautagai aurkezteko, nahiz eta minbizia izan. Gorlizen aritu baino lehen Gipuzkoako Aretxabaletako zinegotzia izan zen. Argazkian, Rosario Arrue / © Bizkaiko PP.