Astrabuduko Juanene plaza berriztatzeko lanen berri udal hauteskundeetarako egun gutxi falta direla emateagatik, "boto gose lotsagarriaz" jokatzea leporatu dio EAJren Udal Gobernuari Erandioko PSE-EEk. Juan Otermin hautagai sozialistaren arabera, "lau urteren ostean, arrapaladan hartu dute erabakia, hauteskunde zundaketek boto mordoa galduko dituztela agerian utzi dutenean". Esleipen prozedura ere zalantzan jarri du PSE-EEren alkategaiak. Bere hitzetan, "proiektua behin betiko onartzeko epeak bete ezinak dira, kontuan hartuta korporazio berria ez dela abuztura arte abian izango". Erandioko Udalak iragarritakoaren arabera, udan hasiko dituzte Juanene plaza urbanizatzeko lanak. Bat-bateko aparkaleku bilakatutako esparrua oinezkoentzako gune egin nahi dute. Horri jarraiki, haurrentzako jolasak, eserlekuak, paperontziak, eta abar jarri nahi dituzte. Horretaz gain, zoladura, argiteria eta saneamendu zein ur-horniketa sareak berrituko dituzte. Argazkian, Otermin Pastorrekin batera, aurreko hauteskunde ekitaldi batean / © Bizkaiko PSE-EE.
HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.
Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!