Adierazten duzuen azken botoa harrapatzeko grina eta hori lortzeko edozer egiteko prest zaudetela ikusita- duintasuna galtzea bada ere- zuekin kolaboratuko dugu. Horretarako gure semeak zuon propaganda jaso ahal izango duen helbide zuzena erraztuko dizuegu. Gogora ekarri nahi dizuegu, direnak direla eta gure atsekabean, Xabier 514 egun daramatzala bere etxea zapaldu gabe, 514 egun bere familiarekin afaldu ezinean, 514 egun bere bainugelan ezin txukundu, 514 bere ohean lo egin barik, 514 egun bere jendeaz gozatu gabe.
Xabierrek 514 egun bahituta daraman helbidea honako hau da: CENTRO PENITENCIARIO FONTCALENT, Poligono de la Vallonga s/n, 03110 ALACANT. Arren, eskatzen dizuegu zuon promesak bertara bidaltzea. Honezkero “apolitikoz” ez zaretenez mozorrotzen, inork ez dizue aurpegiratuko “preso politiko” bati bere botoa erregutu izana. Kontzientziak lasai eduki ahal dituzue. Bide batez, zuon propagandarekin batera, saiatu ahal zinatekete zuen elkartasuna adierazten. Jadanik ehunaka gorliztarrek egin dutena, zuek ordezkatu nahi omen duzuela.
Besterik gabe, zorte ona opa dizuegu abiatu zareten bidean, botoetan aberats eta gogoz behartsuak egitekoan. Gure agurra jaso.
Gorlizen, 2011ko maiatzaren 14an.
Izpta: De la Maza-Peña familia.
Oharra: Agian Xabierren botoa jasotzeko berandu izango da, baina inoiz ez da berandu babesa eta elkartasuna eman edo adierazteko.