Guztira 13 jabe lehiatuko dira beren idiekin txapelketak ematen duen sari nagusia lortzeko, hau da, 1.250 euro, Urdulizko Udalaren mantak eta Bizkaiko Foru Aldundiak emandako garaikurra. Bigarrenak, berriz, 1.100 euro eta garaikurra; eta hirugarrenak, 960 euro eta garaikurra. Dena den, diru sariak egongo dira laugarren postutik hamabigarreneraino.
Lehiatzaileak honela geratu dira banatuta: maiatzaren 20an, ostirala, Bakioko Mikel San Pelaio, Asteasuko Barriola eta Goierriko Juan Agustin. Bigarren egunean, Laukizko Landazabal, Errenteriako Intzinarte eta Birleko Mendipe. Igandeko atsedenaldiaren ondoren, txapelketak astelehenean, hilak 23, jarraituko du, Patxi Irarreta (Errenteria), Luberri (Birle) eta Oliden (Orio) uztarriekin. Azkenik, txapelketari amaiera emateko, beste lau uztarri arituko dira lehian maiatzaren 24an: Bakioko Juan Luis Biritxinaga, Mungiako Ecomet, Lasarteko Telleria eta Goierriko Construcciones Ugarte.
Proba hauek puntuagarriak dira Bilbao Bizkaia Kutxa, El Corte Ingles, eta Mungialdeko Udal Elkartea Challengesarako. Aipatu txapelketa Herri Kirolen Bizkaiko Federazioaren kontrolpean jokatzen denez, epaileen erabakiak apelaezinak izango direla jakinarazi dute antolatzaileek.
HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.