Getxo udalerritik pertsona nagusiei diru-zorroak osten dizkieten zenbait emakume dabiltzala ohartarazi zuen joan den aste bukaeran Udaltzaingoak. Lapurreta egiteko, gaizkileek gobernuz kanpoko erakundeentzat, ongintzazko elkarteentzat edota haur behartsuentzat sinadurak biltzen ari direla esan ohi dute, udal iturrien arabera. Emakume horiek bakarrik edo bikoteka egiten dute ekintza. Biktimei laguntza eskatzen diete, paper batean sinadura eta DNI zenbakia ipintzeko esanez bakarrik. Horrela, zenbakia begiratzeko diru-zorroa ateratzen dutenean, hori hartu eta korrika alde egiten dute lapurrek. Mota horretako gertaerak Areeta eta Algortako erdiguneetan eman dira gehienbat, tokiko Poliziak adierazi duenez. Udaltzaingoak, aipatutako gertaeraren bat ikustean edo jasatean, berehala horren berri emateko deia luzatu du. Azkenik, Getxoko Udaltzaingoak gogoratu duenez, herri erakundeek kalean dirua eskatzeko baimendutako modu bakarrak ohiko diru-bilketak izaten dira. Argazkian, udaltzain bat.