Aurtengo azokan hainbat espezialitate egongo dira ikusgai: zeramika, bitxigintza, ehuna, harriak, metala, larrukigintza eta landare-zuntzaz eginiko lanak. Halaber, ezin dira ahaztu eskulangintzan hain ohikoak ez diren beste arlo batzuk ere, Areetan ikusgai egongo dira-eta. Guztira, 26 izango dira ikusi ahal izango diren eskulangintza arloak. Gainera, gastronomia-gunea ere izango da, Itzubaltzetako Ibaiondo kalean, hain zuzen ere, eta bertan 14 salerosle egongo dira. Aurten Luis Artola euskal luthierra eta Cuca Balaguer paper gaineko grabatzaile valentziarra arituko dira tailerretan.
Eskulangintza azokan parte hartuko dutenak "kontu handiz aukeratu dira", udal zein foru arduradunen hitzetan, "azoka anitza lortuz". Aurten, azokan parte hartzeko 359 eskabide jaso dira, inoiz baino gehiago. Euskal Herri osotik etorritako eskulangileez gain, Kataluniako, Aragoiko, Galiziako, Gaztela eta Leongo, Gaztela-Mantxako, Madrilgo, Errioxako, Asturiaseko, Valentziako, Andaluziako eta Kantabriako partaideak egongo dira. Aurten, gainera, Italiatik, Portugaletik eta Frantziatik etorritako artisauek parte hartuko dute azokan. Hortaz, ezagutzen dituen produktuak lor ditzake jendeak; baita hain ezagunak ez direnak eta eskulangintza beste era batera ulertzeko bidea ematen digutenak ere.
Ohi bezala, lehiaketak ez dira faltako azokan. Batetik, eskulangileen lana sarituko da eta, bestetik, produktuak aurkezteko duten modua, diseinu eta stand lehiaketetan. Ekimen horietan islatzen da urtez urte produktuen kalitatea eta euren postuen aurkezpena eta apaindura hobetzeko eskulangileek egiten duten ahalegina. Horrekin batera, urtero erosleen artean egiten duten zozketa ere egingo da aurten ere. Zerbait erosten duten bisitarien artean eskulangintza produktuak zozketatuko dira.
Atzoko aurkezpenaren bideoa (© Getxoko Udala):