Bizkaiko Foru Aldundiaren eta Barrikako Udalaren kontrako demanda aurkeztu zuen apirilean Lezama Leguizamon familiak,
Ekologistak Martxan taldeak zabaldu duenez. Orain salatutako bi erakunde publikoak izan zituen lagun aipatu sendiak, Barrikabaso inguruko izendapenaren aldaketa bultzatzeko orduan. Muriola eta San Telmo aldean 85 txalet eta babes ofizialeko dozena bat etxebizitza altxatzea aurreikusten zuten. Demandaren bitartez, ondare erantzunkizuna dela eta, 16 milioi euro baino gehiago eskatzen dizkie Aldundiari eta Udalari Lezama Leguizamon sendiak. Babestutako eremua zena lurzoru urbanizagarria izendatzeagatik, 1998an jo zuen epaitegietara lehenengo aldiz Txipio Bai talde ekologistak. Espainiako Auzitegi Gorenak 2009an bertan behera utzi zuen Udalak zein Aldundiak hartutako erabakia. Gauzak horrela, aipatu diru kopurua eskatu zien biei Lezama Leguizamon familiak. Ezetza jaso zuenez epaitegietara jo du sendiak. Argazkian, Barrikabasoren egoera hainbatetan salatu du Txipio Baik Iñaki Ortigosa taldeko presidentearen bitartez.