Metro Bilbao garraio enpresako bulego nagusiaren (Nafarroa, 2 / Bilbo) aurrean elkartu ziren atzo ehun langile inguru, zuzendaritza "hitzarmen kolektiboa betetzen ari ez" dela salatzeko. ELA, CIM, UGT, CCOO, LAB eta ESK sindikatuek adierazi dutenez, "enpresak gure hitzarmenak, araudiak eta itundutako akordioek (behin-behineko langileena, zerbitzu bereziena...) aitortzen dizkiguten gizarte- eta lan-eskubideak ukatzeko eta urritzeko daraman politikak kezkatzen gaitu". Bien bitartean, zuzendaritzak aginteko postuen kostua %50 (600.000 eurotik 900.000 eurora) handitu izana kritikatu du enpresa batzordeak. Langileen hitzetan, "ustiapenaren trainerutik arraunlariak kentzen eta hitzarmenetik kanpoko patroiak gehitzen jarraitzen dute, hitzarmenean araututa ez dauden lansariekin". Gogoratu, maiatzaren 25ean eta ekainaren 1ean eta 8an geldialdiak izango direla Metro Bilbaon: goizeko 6:30etik 8:30ak arte eta, arratsaldez, 18:30etatik 20:30ak arte. Argazkia: ©
LAB Metro Bilbao.