Espetxea jartzeko erabakia "ezkutuan" hartu izana egotzi dio Espainiako Gobernuari Leioako Udalak

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2011ko mai. 19a, 20:24

Kukularran kartzela jartzeko asmoa "ustekabean eta bidezkoa ez den modu batean" ezagutu duela salatu du Leioako Udalak. Tokiko arduradunen arabera, "Defentsa Ministerioak Instituciones Penitencias SAri lurzoru hau saldu zion eta salmenta egiterakoan egindako eskriturak udaletxera bidali zituzten plusbalio zergaren ordainketa salbuesteko. Eskritura horietan adierazten zen bezala, espetxe berriak eraikitzeko planaren barruan kokatzen zen salmenta hau, hau da, Espainiako Gobernuak duen plana egungo espetxeak berritzeko". "Deia" egunkariak albistea zabaldu eta ordu gutxitara eman du erantzuna Leioako Udalak. Baina, ez du zehaztu aipatu eskriturak noiz jaso zituzten. Hala ere, espetxea jartzeko erabakia "ezkutuan" hartzea leporatu dio Espainiako Gobernuari. Ildo berean, asmo horrekin "bat ez datozela" adierazi dute tokiko agintariek, Eneko Arruebarrena alkatea buru. Amaitu dutenez, Udalak "eskura duen tresna guztiak erabiliko ditu leioaztarren eskubideak eta interesak defendatzeko". Argazkian, Eneko Arruebarrena jarduneko alkate eta Leioako EAJren hautagaia.

Leioako Udalak zabaldutako oharra:

Gaurko egunkari batek argitaratu du Espainiako Gobernuak Euskadin espetxe berriak irekitzeko asmoa duela. Zehazki, Leioan bertan honelako zentro bat irekitzeko asmoa duela adierazten zuen hedabideak. Zentro hau hirugarren graduko presoentzako izango litzateke, hau da, eguneroko bizitza kanpoaldean egin ostean lo egitera zentrora joaten diren preso horientzako.

Udalak Estatuko Gobernuaren asmo honen berri izan du ustekabean eta bidezkoa ez den modu batean. Lurzoruaren jabea zen Defentsa Ministerioak Instituciones Penitencias SAri Leioako lurzoru hau saldu zion eta salmenta egiterakoan egindako eskriturak udaletxera bidali zituzten plusbalio zergaren ordainketa salbuesteko. Eskritura horietan adierazten zen bezala, espetxe berriak eraikitzeko planaren barruan kokatzen zen salmenta hau, hau da, Espainiako Gobernuak duen Plana egungo espetxeak berritzeko.

Honen bitartez, Udalak jakin izan du Espainiako Gobernuak, Infraestructuras y Equipamientos Penitenciarios SAren bitartez Leioako lurzorua erosi izan duela. Lurzoru honek 14.640 metro koadro ditu, eta 325.319,26 euroengatik saldu izan da. Orain arte, eta 1949. urtetik, lurzoru hau Espainiako Gobernuaren Defentsa Ministerioaren Erakunde Autonomo baten jabetza zen.

Datu guzti hauek konfirmatu izan dira beranduago Infraestructuras y Equipamientos Penitenciarios elkartearekin.

Honen harira Leioako Udalak eta bere Alkateak zera adierazi nahi dute:

1.- Udal honek informazio hau jaso duen modua ez dela berezkoa eta instituzioen artean egon behar den errespetua urratzen duela uste du. Argi utzi nahi du Leioako herria, Leioako instituzio eta legezko agintaritzaren ezkutuan hartu izan dela erabaki hau, hau ez da bidezkoa.

2.- Leioak ez du bat egiten Espainiako Gobernuaren asmo honekin eta eskura duen tresna guztiak erabiliko ditu leioaztarren eskubideak eta interesak defendatzeko.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun