Getxoko Udaltzaingoak 28 eta 31 urteko bi lagun atxilotu zituen atzo, Algortako Alangoeta kaleko hainbat etxebizitzatan lapurtzen saiatu zirelakoan. Udal iturriek zabaldutakoaren arabera, goizeko 11ak aldera, lekuko batek poliziari deitu zion, komunitatekoak ez ziren bi gizon "jarrera susmagarrian" etxeko eskaileretan ikusi zituela esateko. Udaltzainen patruila bat tokira joan eta, erreminta zarata entzun ondoren, bi pertsona topatu zituzten bosgarren pisuan. Horiek, tresna ugari zeramaten gainean. Ondoren, udaltzainek hutsik zegoen etxebizitza bateko sarraila baten barruan torloju bat aurkitu ei zuten. "Badirudi eskuz egindako gailuarekin zabaldu nahi zutela", adierazi dute udal arduradunek. Gauzak horrela, bi gizonak atxilotu eta epailearen esku geratu dira gaur bertan. Horietako bat Espainiako Polizia Nazionalaren Atzerritartasun Sailaren eskuetara pasa da, beraren kontrako kanporatze-agindua baitzegoen.